Frantsuteak
Arnedillon, bertako terma naturaletan lasai ederrean nengoela, nongoak ote ginen galdetu zigun euskaraz emakume batek. Hendaiarra ginela erantzun zion semeak, eta hark «orduan, pixkat frantsute» ginela esan zigun, eta semeak ezetz erantzun zion. Elkarrizketan segitu zuten biek eta bigarren aldiz, «frantsute» ginela esan zigun aurpegira Arrasateko emakume heldu horrek. Haserretzen hasi nintzen, eta semea ez zegoen eroso, ez zuen ulertzen elkarrizketa nora bideratzen ari zen emazte hori. Halako batean, barru-barrutik «zu espainola zara?» galdetu nion, jada aski haserre. Begiak borobildu zituen, harriturik begiratu ninduen, eta «jesus, ez» esan zidan.
Aho bete hortz utzi nuela iruditu zitzaidan. Alegia, guk, Bidasoaren alde honetan bizi garenok, barneratua ukan beharko bagenu bezala frantsuteak izan gaitezkeela, eta zuek, Bidasoaren alde horretan zaudetenok euskaldunak; zuek espainolak ez (askorentzat gurea alde arraroa da, erromantikoa, Xiberoko ikastolen aldeko saskia erosteko, akaso Herri Urratsera joateko, edota Aste Santuko oporrak pasatzeko lekua).
Apirilaren 17a zen. «Atso honek igandean bozka abertzalea emanen du gainera», pentsatu nuen nik amorruz. Ez da halako zerbait gertatzen zaidan lehen aldia. Gainera, azken aldian, nazio ikuspegiaren gainbehera sentitzen ari naiz zenbait espaziotan. Bereziki handik hona. Purua den aldetik, erromantikoa den alde honetara.
Agian oker nago, irakurle, eta nire hitzak gaizki hartzen badira sentitzen dut. Ez da nire asmoa. Begiak irekitzea besterik ez nuke nahi. 23. Korrika amaitu berri den honetan, karrikak euskaraz blaitu ditugunean, begira dezagun aurrera elkarrekin eta elkarlanean. Ezaba ditzagun barne mugak, eta Lezotik Bilbora sendagile espezialista batengana joaten garen gisan, agian Pasaiatik Senperera ere joan gaitezke, sendagile berezitu batengana. Hemen ere euskaraz bizi garelako. Ez gara hain ezberdinak, bereziki nahi ez badugu. Nondik eta nola begiratzen den da kontua.
Berez termek ematen duten lasaitasuna ebatsi zidan elkarrizketa hark. Haurrekin honen inguruan hitz egiteko aukera eman zidan, ordea. Euskaldunak garela berretsiz, baina bide batez frantsute edota espainol zein indiar edo senegaldar izateak ezer txarrik ez duela argi utziz.