Tripolaritate eskizofrenikotik aske
Zutabe bat irakurri nuen Durangoko Azoka amaitu eta egun gutxira. Azokaren arrakastaz mintzo zen, balorazio kualitatiboa hartu zuen hizpide lehenik, eta kuantitatiboa ondoren. Dena ongi zihoan, nire irakurketa diot, halako batean, azokaren eredua larrutzen hasi zen arte. Kapitalismoan oinarrituriko eredua duela azpimarratuz, bertaratutakoon erosteko antsietatea azaleratuz, euskararen ongizatearen izenean zer eta zenbat ekuazioari muzin eginez ari ginela salatuz… Irakurketa oso gordina zen. Hala iruditu zitzaidan behintzat.
Amaitu eta berehala buruari eragiten hasi nintzen, eta amorruaren amorruz bada ere, hein batean arrazoia eman nion idazleari. Izan ere, ni behintzat lanera joateaz gain, erostera ere joaten naizelako azokara. Eta irrika handiz, antsietatez nahi baduzue, hartzen ditudalako berritasunak esku artean, liburuak batetik, diskoak bestetik, jolasak ondoren… Eta horrela egiten dut lehen itzulia. Bigarren itzulia egiten hasterako, «hasi aukeratzen Aitziber» esaten diot nire buruari. Poltsikoak baimenduko balit, aitortzen dut karga-karga eginik itzuliko nintzatekeela Hendaiara.
Kontsumora bultzatzen duela azokak? Bai, egia da. Antolatzaileek bilana egiterako unean datu kuantitatiboak asko nabarmentzen dituztela? Ados. Bisitari kopurua, salmenta kopurua eta horrelakoak izan ohi dituzte ahotan sarri. Bost egunez, milimetrikoki neurtuak dauden hamaika aurkezpenekin eta denak batera? Baita ere. Ados, ados.
Euskara ere sistemaren parte da, ordea. euskaldunok ere bai noski. Zaila da oso kapitalismoaren atzaparrei ihes egitea. Ni pozik joaten naiz Durangora. Ordu batzuez handitu egiten naiz, puztu egiten naiz, herritar arrunt sentitzen naiz. Arazo linguistikorik gabe. Euskara, frantsesa ala gaztelania tripolaritate eskizofrenikotik aske. Euskaraz eta kito.
Emakumeok oraindik ere, soilik eta esklusiboki guretzat diren espazioak behar ditugun gisan, euskarak ere behar ditu halakoak. Bere legitimaziorako espazioak, bereak gaituen hiztunak ahaldunduak sentitzen garenak, identitatearen eraikuntzan eta berrespenean laguntzen gaituzten espazioak. «Bai, hemen egin euskaraz lasai, begira zenbat sorkuntza lan zure hizkuntzan», esan ohi dit buruak.
Urte berri on irakurle.