Egin irri!
Lan orduak murriztu ala ez pentsatzen ari zen lagun bat. Bestea, berriz, bere proiektu berezi bat abiatu ala ez dudatzen ari zen. Aurrezki guztiak bertara bideratu beharra eskatzen zion horrek, eta zalantza ugari zituen. Hirugarren batek, aldiz, pozik zegoela esan zigun. Zeukanarekin eta zegoen bezala pozik. Lehenak, pentsatu bezala egin zuen azkenean. Lan orduak murriztu. Eta bigarrenak ere, bereari eutsi eta buruan zebilkion proiektua zabaldu zuen. Hirugarrenak berdin segitzen du. Daukanarekin pozik. Hamaika egoera, hamaika adibide, hamaika zalantza…
Egoera asko homogeneoak direla pentsatu ohi dugu, gauza bat egiteko modu bakarra dagoelakoan edo. Bada azken hilabete luze hauetan, aurreiritzi guztiak apurtu, eta ariketa bat proposatu diot nire buruari: «Ez hurkoa epaitu, Aitziber».
Nik hala eginen nuke, edota beste hori esango nioke… zenbat aldiz jarduten dugu marmarrean debaldetan! Aurrez pentsatu gabe, ama horrek haurrari hori esan badio ziurrenik arrazoi bat dagoela tarteko, edota familia batek gauzak hala egiten baditu zerbaitengatik dela. Eta ariketa praktikara eramateak barne lasaitasuna ekarri dit. Libreago ere sentitzen naiz. Alaiago ere, esango nuke.
Kalean, behera begira edota inolako arrazoirik gabe mugikorrari begira ez joatea ere erabaki dut. Aukeran irribarre ttiki bat ezpainetan dudala ibiltzen naiz. Eta horrek ere asko eragiten dit. Nire aldartea orekatzen du. Eta gurutzatzen dudanak, irribarrea itzuli egiten dit gehienetan. Eta hori sakelakoak ez dit egiten. Yupi bat naizela pentsa dezakezue, ez zait axola. Agian banaiz. Zer du txarra? «Bakean dagoena bakean utzi», esan zuen gure aitak. Bada hala bedi!
Ezin dut urteko azken zutabea Oarso Bidasoako Hitza-ri nire erokeriak bertan argitaratzeko aukera emateagatik eskertu gabe amaitu. «Lagundu» egiten dudala esaten didate. Jakingo balute niri zenbat laguntzen nauen lerro hauek idazteak!
Urte berri on irakurle! Egin irri!