‘Ikusezinak’, ahaztuak izan ez daitezen/gaitezen
Ikusezinak, horrela du izena Miren Azkarate Badiola donostiarrak kaleratu berri duen liburuak. Euskal iheslari, errefuxiatu edota deportasuen seme-alaben zenbait lekukotasun bildu ditu bertan, tartean ahizparena eta nirea. Ez da nobela bat, ez da sorkuntza bat. Kazetaritza lan goxo bat baizik. Hori bai, bertako hizlariek kontatuak, fikziotik harago doaz. Heldu aroan, haurtzaroan bizi eta pasatakoak kontatzen dira bertan, jakinez haur batek, berez, ez lituzkeela halakoak bizi beharko. Zergatik? Litekeena delako, bere bizitzan zehar ondorioak ukatea, agian senda ezinezko zauriak, ala ez. Pertsona oro ezberdina baita.
Idazketa jardunean, mugimendu feministaren aldarria bere egin eta pertsonala politikoa dela aldarrikatzen du Azkaratek. Euskal Herrian, izan motxiladun haur edota maletadun haur, ume horiek pairatu zutena eta oraindik ere (ez dezagun ahantzi) asko eta asko pairatzen ari direna ez delako arrazoi indibidualek sortu edo probokatua. Ez. Eta esan dezagun ozenki ezetz! Gatazka politiko baten ondorioak, albo kalteak, zertzelada erraldoiak… Izendatu nahi bezala, berdin du nola, baina hemen ere pertsonala politikoa da.
Gure etxean, Mirenek liburua egiteko asmoa azaldu zigunean, pozik hartu genuen bertan parte hatzeko gomita. Batetik, aitari aitortza egiteko modu bat iruditu zitzaigulako. Izan ere, egoera konplikatu horietan guraso izan zirenek, konplexutasun handiz bizi izan zuten (dute) gurasotasuna nire iritziz. Militantzia bide bat hartua baitzuten, batzuek horretan segitu zuten ama-aita izan arren, eta zaila zen (da) biak uztartzea eta ongi egitea. Baina, hala ere, beren seme-alaba bezala, maite ditugu. Eta esaten den gisan, ahal zutena egin zuten ahal zuten egokien (nik egun ama bezala egiten dudana, alegia: ahal dudana, ahal bezain ongien) eta ukan genitzakeen gurasorik onenak dira. Hau da behintzat nire ikuspuntua.
Eta bestetik, errelatoaren, gertatuaren kontakizuna, memoria historikoaren berreskurapena eta horrelakoak aipatzen diren aro honetan, ezinbestekoa iruditzen zait guk ere gurea kontatzea, memoriaren kontakizuna gure ahotik ere egitea. Izan ere, zoritxarrez, belaunaldi hartako militante-guraso asko eta asko hiltzen ari dira. Eta deus kontatu gabe ari dira joaten (oraindik ere ondorio posibleen beldur). Politak dira, beraz, halako ariketak. Eta oraindik ere, badugunez, badagoenez zer kontatua, bide baten hasiera izan dadila. Ikusezinak ahaztuak izan ez daitezen/gaitezen.