Lehen hitza euskaraz
«Aizue, patinete hauek baztertzen ahal dituzue otoi? Pasabide erdi-erdian daude». Halaxe esan nien euskaraz. Hendaiako herri erdiko parkean geunden. Bost nerabe ziren eta frantskanol-ez ari ziren. Ez frantsesez ezta espainolez ere. Harriturik begiratu eta mesedez eskatu niena egin zuen batek. Pittin bat burumakur, baina parkera sartu ahal izateko pasabidea zabalik utzi zuen. «Milesker», esan nion nik, eta berriz ere euskaraz. «Hey, yo no soy vasco eh!», ihardetsi zidan halako batean.
Harritu egin nintzen, ez bainuen halakorik espero. Eta garai batean kikilduko banintzen ere, jada ez. Ez, gaur egun halakoen aurrean ez naiz isiltzen. Amonak esaten zigun gisan, ‘edukaziorik galdu gabe’ baina esan beharrekoa esan nion. «Zu ez, baina ni bai», erantzun nion. «Pero que yo no!», egin zidan garrasi. Nik, irria ahoan, «baina ni baietz eta ni hasi naiz hitz egiten, eta ulertu egin duzu esan dizudana, hori besterik ez nuen nahi, milesker». Eta horrela amaitu zen, hartu-emana. Parkean sartu ahal izan nuen.
Esketxa deskribaturik, noan harira. Nerabe taldetxo hori, ez zen euskalduna. Ez behintzat nik euskaldun bezala ulertzen ditudan bezalakoak. Bai, ordea, euskaraduna. Nire mezua, euskara hutsean esan bainuen eta haiek ulertu, ulertu zuten zer eskatu nien. Eta azken batean, asko gogoetatu baitut geroztik gaiaren inguruan, hortxe dago gakoa. Nire baitan behintzat.
Nik euskaraz bizi nahiko nuke. Euskaraz bizi nahi dut. Eta horretarako jendeak ni ulertzea besterik ez dut eskatzen. Ez diot inori euskaldun izatea inposatuko, euskaraz hitz egitea inposatuko. Norberak berea zainduz hurkoarena errespetatzen ikasi beharko lukete askok. Zer gertatzen da, ordea, euskararekin? Nerabe horrek, nazka aurpegiarekin afirmatu zidan bera ez zela euskalduna. Ziur nago, frantsesez esan izan banio ez zidala deus esango, edo italieraz. Berdin dit. Bere jarreraz gain, jarritako aurpegi keinuak piztu zidan arreta. Lehen hitza euskaraz egitea erabaki nuen orain urte batzuk, eta zinez egunerokoan aplikatzen ahalegintzen naiz. Ez nautela ulertzen modu jatorrean esaten badidate, aldatu egiten dut. Baina halako zakarkeriarekin nik nirearekin segitzen dut. Eta horrelako anekdotek nire erabakian berresteko kemena besterik ez didate ematen. Beraz, nik berdin segituko dut. Esan bezala, hau Hendaian gertatu zitzaidan. Ez Irunen, ez Errenterian edo Hondarribian. Beraz, irakurle, badakizu: Pausu edo Santiagoko zubiak zeharkatzean ere, jarrai dezakezu lehen euskaraz hitza egiten.