Biz(i)tu da guda-sua euskaraz biziraun gaitezen!
Aitzabudo beste urte baten hasieran pausatu ditugu oinak, eta eskuak bihotzean erranen diegu maite ditugunei hitzik gabe maite ditugula. Arrahasi ahal dugu urte berria urteen hariak etenik gabe segi dezan aitzina, eta gu sortu ginen enbor beretik sortuko ahal dira besteak!
Euskaraz bizitzea hautu bat dugu, eta ez da erraza, baina euskara dugu munduaren alde. Euskarak eta euskaldunok beste pizkunde baten beharrean gaudela aldarrikatu zen iragan abenduaren 27an Bilboko Miribillan. Pizkunde bat gertatu zen XIX. mende bukaeran XX. mendearen erdialdera arte iraun zuena, eta hor dugu ordutik Gernikako Arbolaren kimua Irunen bertan landatua. Beste berpizkunde bat bizitu zuen 1960ko hamarkadan euskarak. XXI. mendearen lehen laurden honetan beste bultzada bat behar du euskarak euskaldunok euskaraz bizi gaitezen eroso.
Pizkunde baten beharra dugu euskaraz bizitzeko, errauts arteko hitzak txinparta zahar bat pizten du. Isildu nahi zuten sua, baina solasak ez du amore ematen. Ezpata ez, baina ahotsa dugu, guda-sua biztu dugu euskara goxo honek bizirik irauteko, Lurdes Iriondok idatzi zuen bezala. Pizkundea da euskaraz esatea: hemen gaude eta izanen gara!
Piztu da sua, eta pitzaduren artetik, kandelak edo sakelako ipurtargi informatikoak sua edo argia sortu edo sorrarazten du gauzaren batetik. Gure bihotza biztu edo bizitu ondoan izar bat piztu da, eta gure gau beltzak izeki ditugu. Guda-sua biztu dezagun hemen gaudela erraiteko eta izanen garela aldarrikatzeko!
Amaren sua bixteko garaia heldu da maribixteko bat ez izaiteko, eta aitaren etxe honen egiturak berotzeko eta mantentzeko; amaren sua beharrezkoa dugu, amaren sua, euskera, euskara, üskara, euskerie, oskara…!
Eguberriko argiek etxea eta bihotzak pizten dituzte, familia elkartzen den une hauetan. 2025eko Gabonetan maitasuna izan bedi opari nagusia, barreak mahai-inguruan, eta besarkadak hitzik gabe. Eta 2026a iristean, ekar ditzala osasuna, bakea eta amets berriak, elkarrekin jarraitzeko zorionaren bidean.
Urtatsetan maitasuna dugu oparirik handiena, nahiz eta mundu arrano hau okerturik egon, nahiz eta urte hasiera honetan gerrekin segitzen dugun han eta hor, ez hain urrun gugandik. Urtats honetan, zorionak hegan ikusten ditugu taldean, eta zorigaitzak ere inguratzen gaitu. Hala ere, urtatsetan maitasuna osasunarekin batera bake-ingurune batean dugu desiorik preziatuena, faltan duguna behar dugu bizitzeko, eta gugan biziaren indarra bizteko edo berpizteko. Aurten ere Hatsaren poesia liburua egin asmo dugu, euskal poetok ere behar dugulako arnasgune bat, eta nahi duen orok bidal dezake emailez (hatsarenpoesia@gmail.com) bere olerki preziatua ilbeltz hau bukatu baino lehen.
Eguberri zoriontsuak eta urte berri on!

