Buru-lagunak (edo agendak) alde batera utzirik, udaburuan ‘munikaz’ kopeta estali?
Multsua eskuetan ene bizitzara etorri diren berriak amultsuki hartu ditut, eta, orain arte bezala, hiztegietan topatzen ez ditudan baina herrian entzuten ditudan hitzak hartzen segituko dut eta erabili maitasunez, sukaldeko trapua erran beharrean, multsua erraiteko, adibidez. E-zau(r)garriagoak garenez gero, elkar zaindu behar dugula uste dut eta erraiten duguna kontuz erran, elkar gehiago besarkatu eta musukatu eta barre egin, baina batez ere, geure buruaz barre egin. Lau egun ditugu mundualdi honetan eta bi lainotsu, baldinbaitere ez ahal ditugu ba galtzera utziko!
Iragan berri den hilabetea biziki maite dut, ez bakarrik amak duela 47 urte minez erditu ninduelako, baizik eta ekia gain-gainean dugulako: ekaineko eguzkiak erre ez ziezadan kopeta, munika edo kopeta-ilea utzi dut.
Ekia gure gainean pausatu aitzin, maiatzaren bukaeran Senpereko oroitlekuan txantxangorria bazter batetik beha, harria gure hiztegiaren lekuko izan zen, anaia-arreben arteko zubi eta zurubi, bihotza erdian oroimenak erdibiturik, gero bat elkarrekin egiteko ametsetan. Ezina ekinez egina gure hats bakoitzaren poesiak bildurik, oroitlekuak gugan ditugu, eta gure oroitzapenen pisuak eramaten gaitu orainean aitzina, eta hutsetik abiatuko naiz esperantzaren aterpera.
Ek(ig)ain hasieran gutarteko hesirik ez eta zubiak eraikiz Zubiburuko (edo Ziburuko) liburu-azokan bildu ginen euskaldun literaturzale eta idazle-poetak, lagunartean. Munikak kopeta estaltzen didala zaharberriturik jalgi da mundura 25. Hatsaren poesia liburu mardula eta gure olerki bakoitzez erditu gara. Oroiminezko igandeak bihotzean, muxuak banatu nituen. Ene buru-bihotzean gorde eta atxiki nahi ditut amaren mintzoan bizi-bizirik dauden amatxi zenaren hitzak eta erabili, hiztegietan topatzen ez ditudan hitz biziek biziarazi gaitzaten: munika edo kopeta-ilea.
Ekia pixkanaka beherantz hasi da, Jondoni Joaneren suak berritu gaitu eta sanpedro eta sanmartzial jaietan bizi berriz poztu gara. Uzta-sasoian sartu gara. Ama nitaz erditu zen minez eta zorionez, eta ni ez naiz haur batez erditu oraino, nahiz eta erdikaturik sentitzen dudan ene bihotza eta bizitza. Koblakari honen bihotza erdikaturik dago erdiminez edo erditzeko gogoz sentitzen baita, baina zorioneko da ene bihotz maitatu hau.