Urtatsez mukutsa
Dakidana da ez dakidala ezer, eta 2018ko ene Muxuak poema-liburua irakurle bati aunitz gustatu zaiolako, idazten segitzeko motibo bat dut; aurrerantzean ere, dagokidana egiten saiatuko naiz ahalik eta ongien, nahiz eta hanka sartu eta putzutan plast egin. Halabeharra kuraiez hartu, eta berez doana behartu gabe, etorriko da behar dudana, eta amesten dudanaren esperantzetan izanen naiz.
Urtatsez mukutsa heldu zaigu: mukutsez edo elur aurreko ihintz izoztuaz Amaiurko izo Teresaren azken hatsa joan zen urtezahar egunean. 95 urtez tinko eutsi zion Iruñean Amaiurko eskuarari ene izebak, eta joan zait mundu honetatik Amaiurko eskuararen erreferenteetako bat.
Gorramendi kaskotik aditzen dut oihu bat: Gora gu ta gutarrak! Itsalosko bordatik aire bat heldu zait: Haurrak ikas zazue/ eskuaraz mintzatzen/ ongi pilotan eta/ oneski dantzatzen. Amaiurko eskuara ene bihotzean da bizirik, eta horrela izanen da bizi naizen artean, hats ematen dudanez gero.
Amaiurtarrak gara gu/ ezin gentzake ukatu! Amaiurko urak bere bidea egiten du nigan. Eskualdunen sineste zaharrak dioen bezala ez gara geure baitakoak eta gaurko iluna eginen da argi, egungo negu hotzak udaberria ekarriko du gure kantu eta irriarekin, solas eta kontuekin.
Amaiurko haurren xatarrak ezin dira bihur eta aitzina eskualdun bandera!, izo Teresak erakutsi zidan harrotasunez, eta ez harrokeriaz, eskuaraz mintzatzen edonon eta beti, eta urak bere bidea egiten du nigan, bizi berri bat ernalduko eta sortuko da, iturri zaharretik ur berria datorkit isurian. Bidasoan behera itsasorantz datozkit Amaiur iturburuko hitzak, eta esker mile, baina ez ginen ibiltzen horren bile!
Urtatsez mukutsa, elur aurreko ihintz izoztua. Ene barneko hatsaren hots hotza botako dut, besteena ere har dezadan, eta aurten ere Senpereko Hatsaren Poesiako liburuan parte hartu nahi nuke, eta zuk ere berdin egin dezakezu. Aurten, bisurtea dugu eta iazko gauza txarrak ahantziz eta barkatuz, iazko gauza onak bikoiztu daitezela da ene desira. Baina, ez gara geure baitakoak. Hala ere, dagokidana ahalik eta ongien egiten saiatuko naiz, orain arte bezala, nahiz eta hanka sartu eta hankak putzutan sartu. Horietatik ikasi eta aurrera beti, ene aita zenak zioen moduan. Negu hotz honek udaberria ekarriko ahal du! Iluna argi eginen ahal da! Geure barneko argiak gida gaitzala, bederen, urte berrian, bisurte magikoa eta ona izan dadin.