Barkazioak ala oporrak?
Irunek iruten ekin dio bideari aurten, eta mugaz gaindi zubi bat dagoela erakutsi dio harro Euskal Herriari; euskaldun guztiok ehuntzen gaituen euskara iruten segitzen dugu, irauteko orainak ere geroan. Senpereko Larraldean bildu gara beste urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko. Hatsaren poesiaren itsasontzia itsasoratu da Senperen beste urte batez, almirante, kapitain, lemazain eta eskifaia eder handi batekin. Segi dezagun gutartean dauden gainerako zubi guztiak sendotzen, hauteskunde guztien gainetik!
Loreen hilabeteak ekartzen digu Sanjuanila edo ekaina, eta horrekin batera, Europatik datorkigu, gerra-hotsekin batera, hauteskunde deiadarra. Ekia gorenean dagoelarik, erabakita egongo da jadanik nork aginduko duen Europako Batasunean, eta ni beldur naiz eskuin muturraren gorakadaz. Zer gertatzen ari da Europako balioekin? Non geratzen da Herrien Europa? Non geratzen dira giza eskubideak egunero ikusten ditugularik gizateriaren aurkako krimenak Palestinan?
Azkenaldian gauzak eta eginbeharrak ongi egiteaz baino gehiago, akatsak ez egiteaz arduratzen naiz ene eguneroko ogibidean, eta neure buruaz harro ez egotea ekartzen dit horrek. Nola da posible? Honaino iritsi naiz eta ez da gutxi! Ene balioez eta bertuteez ohartu beharko nuke, egiten ditudan akatsez baino. Beharbada barkazioak behar ditut lanetik, barka diezadatela on beharrez egin akatsak eta berriro has nadin zerotik?
Zerotik ezin hasi, ez bainaiz atzo goizekoa, ez ditut hogeita bost urte eta nire motxila dut, beste guztiok bezala. Berdearen esperantza bizkarrean, urdinaren sosegua bihotzean, eta gorriaren pasioa eta alaitasuna sudurrean har dezadan, behin adiskide poeta batek erran zidan bezala, eta opor (kaiku txiki) bete esne beroz eztituko ditut zintzurra eta erraiak. Beharbada bai, oporrak behar ditut eta neuretzako denbora hartu, neure balioez nahiz inguruko (eta munduko!) bertuteez ohartzeko. Beharbada.