Atxopla hadi, atxua!
Agur Irun, Bidasoa eta Jaizkibel artean zaudena, antzina-antzinatik, ongi zabaldua dago zure izena, baita Uranzu ere, dohain berezi alaigarriak dituena, sendatzen duzue ene bihozmina, gauza atsegina, iratzeen artean (Urantzu) aurkitu nahi nuke heriotz orduan zure inguruan. Horrelako zerbait idatzi zion Basurko poetak Bidasoa bazterrari.
Borobildu zaizkit ertzak iragan neguan, eta borobildu begiak aste honetan Errenteriako andre eta lankide bati entzun diodanean esaten «atxoplatu». Ezpainak biribilduz, harriduraz eta hunkiduraz begiratu dut nola argitzen zen Piriniotako bidea gauez, eta borobildu zaizkit begiak harriduragatik sanferminetako su artifizialak aurrez aurre ikustearekin batera.
Ez dakit segur borobildu eta biribildu bi aditz sinonimo ote diren, baina azken boladan zer pentsa eman zidan Urruñako lagun idazle batek: borobildu aditzak bolumena hartzea esan nahi du, eta biribildu, aldiz, zirkunferentzia bat marraztea. Hala, zure begiak borobildu dira agian harriduragatik, hau irakurtzean, eta langileak manifestazioan ukabilak borobildurik doaz elkarrekin; baina airearen erresistentzia gutxitzeko forma egokia duena forma biribildu bat da, edota zirkunferentzia marraztu edo forma biribil bat egitea.
Eta zer ote planak edo egitasmoak biribil ateratzea? Zer ote udako oporrak planifikatu eta biribil ateratzea? Hasiera eta amaiera duen istorio zirraragarri bat bururatzea? Ilargi betea borobiltzen da hilero, eta ni berarekin batera atxoplatzen naiz; hiztegietan ez dagoen hitza, bidenabar esanda, baina hiztegietan agertzen ez diren hitzak benetan sentitzen ditugunak bihotzean.
Sentiberago eta minberago nago, eta munduko min eta sentipen oro neure bihotzaren zaurietan sartzen dira. Egokitzen edo moldatzen naiz maitalea bere maitearen barnean bezala, eta andre zahar batek neskatila honi zera esaten dio: «Atxopla hadi, atxua! Mundu honek ez du eta malkoen beharrik, eta ez kexa, otoi, eta segi beti aitzina». Izan ere, aste honetan jakin dut atxua neska txikiei esaten zaiela maitekiro, eta ez atsoa edo andre zaharrari.
Atxuak nahiz atsoak maitasunaren beharra dugu, eta mutilengana inguratzeko gogo eta desira ere maitemintzen garelarik, baina maite duguna iheskor dagoelarik, egoerara atxoplatu besterik ez dugu egin behar, bizi nahi badugu behintzat, bizirik gauden bitartean.