'Sargia' buruilan
Tradizioz XIX. mendetik ospatzen ditugun alardeak gure independentzia berreskuratzeko nahia dira, Bidasoa ibaiak banatzen duen herri zapaldu eta umiliatu honetan, Frantzia eta Espainia artean. Aitzina egin dezagun, Euskaldunon Harrotasun Eguna aldarrikatzeko orena heldu da!
Iragan dira bestak eta alardeak Behe Bidasoa honetan, eta Sargia edo sarbide honetatik begira nago Irungo liburutegiaren aurreko plazatxoari: Almudena Grandes delakoaren izena darama, eta nik nahiago dut Inesa Gaxen hura oroitu.
Euskal wikipedian irakurri dut nola sorgina zela egotzita kargu hartu zioten Nafarroa Behereko Bastidan, eta Bordeleko parlamentuan epaitu zuten hemezortzi urte zituela; baina, frogarik ez zutelarik, libre utzi zuten azkenean. Bere egoeran zeuden emakume asko bezala, Bidasoaz bestaldera igaro, eta Irunen bizi izan zen hogei urtez. Beste zazpi urtez egon zen Hondarribian. 1611. urtean, haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu zuten berriro ere, beste emakume batzuekin batera. Beste emakumeek ez bezala, hasieratik bururaino ukatu zituen Inesa Gaxenek salaketa guztiak, berarekin atxilo hartutako emakumeenak barne, era guztietako presio eta torturak jasan behar izan bazituen ere. Hondarribiko epaiek Logroñoko Inkisizioaren eskuetan utzi zuten auzia, eta, espero ez zen bezala, kargurik gabe utzi zituzten salaturiko emakume guztiak, Inesa Gaxen tarteko. Hondarribiko herritar askok ez zuen epaia onartu, eta, azkenean, Hendaiako mugan utzi zituzten Inesa eta beste hiru emakume.
1525ean Auritzen hasi zen, ordea, sorgin-ehiza masiboa Euskal Herrian, eta hura euskal genozidio lazgarria izan zen: euskaldun izateagatik soilik epaitu, torturatu eta hil zituzten emakume adineko asko eta hamaika gizon, baina gazte eta haurrak ere. Ez zen sorginik existitu, baina sorgin izatea egotzita jazarpen politikoa izan zen Inkisizioa, eta gaur arte iraun du jazarpen politikoak beste izen batzuekin, esate baterako, Espainiako Auzitegi Nazionala. Oraindik ere ez ote gaude arriskuan euskaldun izateagatik?
Baina gaur berandu da, ilargia behera doa bizkor, eta mindurik ditut erraiak… nora ote doaz jaiotzen ez diren haurrak? Hil honetako azken hondarra esku ahurretatik ihes egin baino lehen, hil honetako itxaropen galdua begien bistan dut urruti, hitz saminak hurbil hemen, eta han Palestina odoletan. Sargia edo sarrera honetatik gogo-bihotzetan ditut sorgin izatea egotzita epaitu zituztela euskaldun oro eta gaur egun genozidioa pairatzen ari den Palestinako herri osoa.
Buruila, agorra edo irailarekin batera, udaren azkena dator; adio udako egun luzeak. Ilbehera. Buruilean haize frexko batek besarkatzen gaitu, eta palestinoa jarri dugu lepo inguruan hotzeriak har ez gaitzan. Gure euskal lurra ez da agorra, eta irailean fruiturik goxoenak sortzen diren bitartean… heldu eskutik, otoi.

