Historia arraka dago
Datozen hilabeteetan ere aurkituko ahal dugu denborarik elkarrekin baltsan aritzeko adimen natural osoz!
Arramaiatzan edo ekainean uda betezko giroan sartu gara, eta uda gori gorriz beztitu dira gure kaleak eta hondartzak. Jendea irabioka hiri-herrietan. Eguraldi bero eta eguzkitsua dago, eta jendea arraka dabil karriketan gora eta behera, turistak nahiz bertakoak.
Iragan ekainaren 21ean udaran sartu ginen, eta udaburua ospatzeko haritzez eta lizarrez eguzkiaren hatsa eta sugarra piztu dugu: San Joan sutara bota ditugu gauza eta asmo txar/zahar guztiak, eta eguzki-begia heldu da gugana, sorgin-begia galdu da eta asmo onez bete ditugu bihotzak eta agendak. Asmo onez beteta omen daude infernuak, eta horregatik, on egiten saiatuko naiz, onegia ez izanez, onegia izatea gaizto izatea bezain gaizki dagoelako.
Beraz, Jondoni Joane bezperan sanjuan sutara bota nituen iazko sanjuan lore eta belar xaharrak, eta berriak ezarri ditut etxeko atarian. Urte berria ona izanen delakoan, itxaropentsu bezain dardarati nago, udaren hasiera honetan, baina beti aitzina euskaldun bandera!
Uda gorri goria hastearekin batera, udako besta eta jai oro datoz bata bestearen atzetik, urak arraka dario Bidasoa ibaiari eta historia arraka dago ene herria. San Joan suarekin batera, hasi baitziren San Pedro eta San Martzial jaiak Irunen, eta horrekin batera, familia eta lagunekin elkartzeko eta ospatzeko garaia. San Martzial eguneko alardeak eguzki-galdatan egin ditugu, eta izerdi arraka ibili gara kalean gora eta behera, txapela gorriak buruan, zapi gorria lepoan, gerriko gorriak gerrialdean eta espartinak oinetan. Ez da erraza izaten azaltzen zergatik ospatzen ditugun Irunen ekainaren 30ean bi alarde, ez dira errazak izan azken hogeita hamar urteak, eta 1996an festa lehertu ondoren, artikulu batzuk idatzi nituen alardeen gatazken inguruan.
Ez da erraza entzutea alardea(k) errepresentazio historiko bat direla eta 1522an frantsesak garaitu genituelako pozik egon behar dugula. Egia da alardea(k) San Martzialgo gudu hura errepresentatzen dutela, baina orduko bataila hartan garaile Gaztelako Erresuma izan zen, eta galtzaile Nafarroako Erresuma (euskaldunak). Horregatik, XIX. mendearen bukaeran, foruen galeren ondoren, euskaldunon independentzia-gerrak izan ziren karlistadak galdu genituen, eta karlisten miliziak desesperatuki eta oro galdurik atera ziren txapel gorriekin alardeak eginez zenbait euskal herrietan. Azken independentzia-oihu desesperatu haien aztarna historikoak dira egungo Irun eta Hondarribiko alardeak.
Tradizioz XIX. mendetik ospatzen ditugun alardeak gure independentzia berreskuratzeko nahia dira, Bidasoa ibaiak banatzen duen herri zapaldu eta umiliatu honetan, Frantzia eta Espainia artean. Aitzina egin dezagun, Euskaldunon Harrotasun Eguna aldarrikatzeko orena
heldu da!

