Zein goxoa den udaberriko 'iduzkia'
Negua joan zaigula dirudi, eta horrekin batera, ametsak biziberritzeko garaia, ametsak egikaritzeko ordua. Ausartuko al gara elkarri lagunduz denok norabide berean arraun egiten eta Euskal Herria biziberritzen? Euskal Herrian euskaraz ez bada posible, bota dezagun demokrazia zerri-askara!
2012ko apirilaren 1ean olerki bat idatzi nion ene iloba Eki jaio berriari urte hartako Hatsaren poesia liburu argitaratu berrian, Larraldean. Ekik argiztatu zidan bizitza, eta irribarre bat marraztu zidan aurpegian igande hartan; iduzkia atera zen San Jose lilien artetik, ekia agertu zitzaidan ene bizitzan. Ekiren hatz ñimiñoen bitartez, goxotasunez, iluna argitu eta tristurak uxatu zizkidan ene bihotz zauritu bakartian.
Ordutik, 13 urte igaro dira, ez dok amairu, ez dok malefizio! Zorioneko ni, 13 urteko Ekik argiztatzen jarraitzen baitu ene bizitza, orain dela 13 urte piztu zen bere lehen eguzkia, eta ordutik, urtez urte, bere argiak berotzen nau, bere irribarreak margotzen nau, bere hitzek ukitzen naute. Bere lehen hatz umilak indartsuago bihurtu dira orain, baina goxotasunak ez du galdu bere distira. Ekik argitu dit ene bidea, eta gaur, urtebetetzea eguzkipean, bakez eta maitasunez besarkatzen dut bere argia. Ene iloba Ekiri mila zorion!
2012ko Hatsaren poesia liburu atera berri hartan ene poemak atera ziren, eta liburu hartan ene iloba jaioberriari poema bat eskuz idatzi nion. Orain irakurri dut berriro olerki hori, zorionez, eta oroitu naiz 2014an ene bigarren iloba jaio zela. Zorioneko izeba naiz, ez banaiz izan ama, hainbeste desiratzen nuena ene bizitzan, baina halabeharrak beste gauza batzuk eskaini dizkit bizitzeko. Hemendik aurrera, amets hori eta beste batzuk biziberritu beharko ditut, edota berriak sortu, eta egia bilakarazi.
2001etik 2025era parte hartu dut urtero Hatsaren poesia urteroko liburu kolektiboan, eta hori izan da ene bizitzaren konstante bizigarri bat, ene gaitz eta bihotzeko minak eramangarriago egin dizkidanak, eta aurten ere atera da Hatsaren poesia berria 127 olerkarirekin!
Liburuaren aurkezpena heldu den igande iduzkitsu-irribarretsuan izango da Senpereko Larraldean (beharbada azken urtea izango da toki zoragarri hori probestu dezakeguna), eta denok gonbidaturik zaudete Hatsaren Poesia egunera, izan poeta, poesiazale, edo poeta-lagun; berez, denok gara poetak, denok dugulako zer esana, zer idatzia poetikoki eta sentiberatasunez.