Ad via Oiasso... Oskara!
Beharbada, ene herriko alkate izango banintz, desberdintasun-teknikariaren lanpostu bat sortuko nuke, berdinak ez izanik ere, aukera eta betebehar berdinak aldarrikatzeko. Inkomunikazioaren komunikazioaren garai hauetan, informazioaren saturazio bat dugu, eta teknologia berriei ematen diegu lehentasuna, pertsonak eta aurrez aurreko harremanak bigarren mailan ezarriz. Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz!
Garai ilun eta urrun batean Oiassorako galtzada eraiki zuten erromatarrek, eta baskoien hiri hura baliatu zuten euren Inperio handirako mea eta ondasunak ateratzeko, baina ez zituzten hemengo ohiturak eta hizkuntzak bizi. Ez gintuzten menpean hartu doike, eta Pirinioetako oskara edo euskal mintzajea Saltus Vasconum osoan hitz egiten zen. Oiassorako adokinezko galtzada hura arrotz zitzaion seguru aski garai hartako baskoiari, eta Oiassorako bide ezagun horretan goiti eta beheiti ibiliko zen libre bere lurraldean, zubi eta ogibide zuen bide oso hartan, Bidasoa ibaian, komeni bazen erromatarrekin tratuan batzuetan, edo haien bizkar bizitzen. Ez dakigu segurtasunez nola bizi ziren, baina Oiasso baskoien hiria zela badakigu.
Garai hartatik hona, euskaldunok bide luzea egin dugu: konkistatuak izan gara, baina ez garaituak. Historiaren egiak historiaren hegietan bilatu behar ditugu Agerian dagoena ez baita garrantzitsuena, eta horregatik ezkutuan dagoena ikusten ikasi behar dugu. Horrela, ikasiko dugu konkistatuak izan aitzin, guda handi bat irabazi genuela Orreagan, eta horrekin batera, Erresuma bat 824. urtean. Eneko Enekoitz errege altxatu zuen herri baskoiak, eta aurten 1.200 urte bete dira Iruñeko Erresuma sortu zela, gerora Nafarroako Erreinua izanen zena. Euskaldun nafar askeak ziren, beren etorkizunaren jabe.
XVI.mendean konkistatuak izan baziren ere, oroitu behar dugu ez ginela garaituak izan, eta euskaldun nafar askeak izaten segitu zutela bihotzez eta gogoz bederen, konfiantzaz beterik zeudelako; eta hala segitu behar dugu, harro geure buruaz eta historiaz, etorkizunaren jabe izan gaitezen.
Oiassorako galtzada agerikoaren azpian, ezkutuan dagoen bide osoa dugu geurea, etengabeko bide errealaren bidaiari, oinezko eta merkatarien trafikoa, erromes eta artzainen pausua. Garai bateko nomaden, beste garai batzuetakoen bidea, bertako trafiko etengabeak arrasto ezabaezina utzi zuen harrietan: dirdira berezia ahantziriko urteetan irristatzen da, udaberri atseginen sasoien ibilaldiak, udako eguzki errukigabeak, udazkeneko euri- eta haize-boladak eta neguko orduen elur isilak.
Kontatu gabeko historiaz kargaturiko harriak zapaltzen ditugu, hemengo eta hango urrutikoen joan-etorrien jakintsuak, urrutiko lurren hautsak hemengo lur baskoian nahasiz. Humus emankorretan lurperatzen diren kaliza-harri desegingarriak, eta hare-harri larriak goroldioz estaliriko granitozko harrietan barneraturik, ongi sarturik eta gorderik… ezkutuan dagoen horrek guztiak harrotasunez bizitzen lagunduko digu eta geure etorkizunaren jabe egin. Harro gaitezen geure arbaso ausartez, eta irabaz dezagun euskaldun-nafarrok!