Ene herriko alkatea izango banintz...
Zerotik ezin hasi, ez bainaiz atzo goizekoa, ez ditut hogeita bost urte eta nire motxila dut, beste guztiok bezala. Berdearen esperantza bizkarrean, urdinaren sosegua bihotzean, eta gorriaren pasioa eta alaitasuna sudurrean har dezadan, behin adiskide poeta batek erran zidan bezala, eta opor (kaiku txiki) bete esne beroz eztituko ditut zintzurra eta erraiak. Beharbada bai, oporrak behar ditut eta neuretzako denbora hartu, neure balioez nahiz inguruko (eta munduko!) bertuteez ohartzeko. Beharbada.
Baina, munduko martxa belikoa ikusita, gero eta okerrago goazela dirudi, eta horrek iluntzen dit kopeta. Kosta egiten zait baikor izatea eta gauzen alde onak ikustea; geure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean, zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, hasten naiz ezkutukoa argi ikusten. Artzek idatzi zuen horrelako zerbait behin, eta horretaz oroitu naiz iragan asteburuan ene herriko jaietan, Irungo San Pedro eta San Martzial jai entzutetsuetan. Euria egin du tarteka, eta goibel egon da zerua. Oroitzen naiz aspaldi Irungo osaba batek esan zuela, alardean desfilatu ondoren, frantsesen eta emakumeen aurkako gerra irabazi zutela, eta nik orduan harriturik ez nion erantzun. Gerora, jakin dut ezkutatu diguten historia, hau da, San Martzialgo bataila euskaldunok irabazi baino, galdu egin genuela. Izan ere, bataila hura ez zen frantsesen aurkakoa izan, baizik nafarron kontrakoa. 1522an Amaiurko azken gaztelua erori ondoren, Irunen gertatutako bataila Nafarroako Erresuma txiki penintsularra berreskuratzeko azken aukera izan zen, baina denok dakigun bezala orduko Gaztelako erresuma handiak —zenbait noble gipuzkoar, arabar eta bizkaitarren laguntzarekin— konkistatu zuen behin betikoz Nafarroako Erresuma penintsularra Irunen lehendabizi eta gero Hondarribian. Ondoren, XIX. mendean, euskal foruak bigarren karlistaldian galdu ondoren, galtzaileek galdutako independentzia aldarrikatzeko alardeak egiten hasi ziren euren txapel gorriekin, eta horrela ospatzen dira Behe Bidasoako alardeak. Alardeak, beraz, euskal nazioa aldarrikatzeko sortu ote ziren?
Hori da gure bizkarretan daramagun motxila, ezkutatu diguten historia, eta gertatu zena jakin ezean, nekez egingo dugu aurrera etorkizunera. Egia da gaur egungo alardeak besta egiteko estakuru soiltzat ditugula, baina lanbroak ezkutatzen digun historia ere hor dago, eta jakin beharra dagoela uste dut, euskaldunak ez garela berdinak, ez garela izan ez espainolak ez frantsesak, nahiz eta une jakinetan haien lagun (edo arerio) izan. Izatez inor ere ez gara berdinak, eta desberdintasun horretan hezi behar dugu gizarte berdinzale honetan. Aukera (eta betebehar) berdinak ditugu denok, baina ez gara berdinak, eta horregatik, egalité edo igualdad hitz iruzurti horien atzaparretatik askatu behar dugu. Berdintasuna aldarrikatzen dugunean, ez dugu esaten berdinak garenik, baizik eta, desberdinak izanik, aukera eta eskubide berak ditugula. Euskal nazioa gara.
Beharbada, ene herriko alkate izango banintz, desberdintasun-teknikariaren lanpostu bat sortuko nuke, berdinak ez izanik ere, aukera eta betebehar berdinak aldarrikatzeko. Inkomunikazioaren komunikazioaren garai hauetan, informazioaren saturazio bat dugu, eta teknologia berriei ematen diegu lehentasuna, pertsonak eta aurrez aurreko harremanak bigarren maila batean ezarriz. Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz! ■