E-zau(r)garriagoak al gara?
Irungo erdialdeko plazari Inesa Gaxen izena jartzea proposa nezake, adibidez. Nor den Inesa Gaxen? Bada, Nafarroa Behereako Bastidan sortu zen XVI. mendean, eta sorginkeriaren akusaziopean epaitua eta torturatua izan ondoren, Bidasoaz gaindi ihes egin zuen. 20 urtez bizi izan zen Irunen eta beste zazpi urtez Hondarribian, Hendaiara kanporatu zuten arte berriro ere sorgina izatearen akusaziopean. Inesak beti defendatu izan zuen bere errugabetasuna, eta euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu omen zuen epaitegietan.
Zergatik ez dituzte epaileek eskuak garbitzen, Pilatosek Jesusen aurrean bezala? Beharbada erabakia epaileena delako eta ez herriarena? Multsua eskuan garbitu nahi nituzke Euskal Herriko iraganeko min eta zauriak, baina gaur egun ez ote gaude zaurituago? Ez ote gara e-zau(r)garriago Internetaren amaraunean galdurik? Egungo zauriek ez digute uzten iraganera begiratzen eta modu osasuntsu batean sendatzen, eta era berean ezin diogu ausart so egin etorkizunari, gehiago mintzearen beldur garelako.
Baina bizitzak berez dakar mintzea, bizi garen seinale dira zauriak, eta heriotzaren lagun izaten ikasi behar genuke, etorkizunari aurre egiteko, garai postmoderno hauetan e-zaurgarriago garenez gero. Iraganak irakatsi digu galerak izan behar ditugula irabaziak izateko, eta pertsonen artean amultsu izateak on egiten digula.
Horregatik, gogoan ditut joandako oro ene bizitzan. Iragan astean joan zitzaigun Joan Mari Irigoien, baina gurekin dugu hark guri emandako bere Hatsaren poesia azken 25 urteotan, beti umoretsu bere irribarrearekin gure zauriak goxatzeko asmoz, multsua eskuetan, amultsuki laztanduz bihotza, eta norbere buruaz barre eginez. Berriki joandako oro izan genituen gogoan iragan 2023ko Hatsaren poesia liburuaren aurkezpenean Senperen apirilaren bigarren igandean, eta Hatsaren Poesiaren zilarrezko ezteiak ospatu genituen elkarrekin poetok, galerak adina irabazi izan baititugu, joan bezala etorri baitira berriak.
Multsua eskuetan ene bizitzara etorri diren berriak amultsuki hartu ditut, eta, orain arte bezala, hiztegietan topatzen ez ditudan baina herrian entzuten ditudan hitzak hartzen segituko dut eta erabili maitasunez, sukaldeko trapua erran beharrean, multsua erraiteko, adibidez, e-zau(r)garriagoak garenez gero, elkar zaindu behar dugula uste dut eta erraiten duguna kontuz erran, elkar gehiago besarkatu eta musukatu eta barre egin, baina batez ere, geure buruaz barre egin. Lau egun ditugu mundualdi honetan eta bi lainotsu, baldinbaitere ez ahal ditugu ba galtzera utziko!