Urte askoren buruan, burua soil
Ekia pixkanaka beherantz hasi da, eta uzta-sasoian sartu gara. Ama nitaz erditu zen minez eta zorionez, eta ni ez naiz haur batez erditu oraino, nahiz eta erdikaturik sentitzen dudan ene bihotza eta bizitza. Koblakari honen bihotza erdikaturik dago erdiminez edo erditzeko gogoz sentitzen baita, baina zoriontsu naiz azkenean zorioneko esku bat dudalako ene aldamenean.
Zorioneko esku bat dut zintzurrean, eta horrek lasaitzen du ene egunerokoa, badudalako nork maite azkenean. Bizitza gogor eta estu hartu izan dut beti, eta hori izan da ene galbidea; horregatik hasi nintzen idazten egunerokoa lehenbizi eta gero poesia, aspaldi, joan den mendean.
Bizitzak bezala, ekiak goxo bezain gogor jotzen ere badaki buruilean, eta agorrileko «formak eta funtsak» geratu zaizkigu fosildurik udagoieneko Larraldean. Zuhaitzak soildu ditugu larrazkenean sustraiak indar daitezen neguan, eta heldu den udaberrirako lora daitezen adar zaharberriturik, eta uda betean fruituak ukan ditzagun. Horixe dugu urte biribil etengabearen perfekzionea.
Egoki eta zuzen soiltzen edo inausten jakitea artea da zuhaitz eta landare bakoitzaren onena ateratzeko, eta nik ere soildu nahi nuke iraganean fosildurik ez gelditzeko eta fruituak emateko. Soildu nahi nuke, baina beldur naiz hustu ondoren bete behar dudalako eta zauritzearen beldur naiz, gero beharbada ez baitut jakingo sendatzen zauria.
Soiltzea, ordea, norbere bertuteak erakustea bada eta akatsak ezabatzea, nahi nituzke ene zauri-minak inausi eta txertatu zoriona eta emankortasuna. Soildu nahi nuke, eta une honetako gar-pindarra harrapatu, eta bizitza osorako atxiki ene barne-indarra. Soildu nahi nuke, eta naizen bezala agertu akatsak kenduz, bertuteak nabarmenduz.
Beraz, aizturrak atera ditzadan eta inausi edo soildu mundu kaotiko honetako gaitzak! Udako alardeak, jaiak eta jaialdiak gibelean utzi ditugu, eta oroitzapen politen zaporea dugu ahoan. Iraganeko damurik ez eta hangoetatik ikasiz, lortuko dugu perfekzionea, euskaldun izatearen bertutea gordez. Oroituz aurten dugula euskaldunok urtemuga bat: 1523, Donapaleu Nafarroako hiriburu egin zeneko 500. urteburua.