Baltsan
Denok gonbidaturik zaudete Hatsaren Poesia egunera, izan poeta, poesiazale edo poeta-lagun; berez, denok gara poetak, denok dugulako zer esana, zer idatzia poetikoki eta sentiberatasunez.
Iragan apirilaren 6an aurkeztu zen lehen aldiz aurtengo Hatsaren poesia liburua, eta parte-hartzaile guztien (128) ordezkari-kopuru handia bildu ginen. Egun polita iragan genuen denak elkarrekin eta baltsan —amankomunean— poesiaz gozatzen. Pozgarria da urtean behin bederen aurrez aurre elkar ikustea, pantailetatik harago eta elkar sentituz. Adimen artifizialak uzten dizkigun zirrikituak probesteko aukera gero eta gutxiago ditugu, eta badirudi adimen naturalari nahiz emozionalari baino garrantzia handiagoa ematen diogula adimen artifizialari; horregatik, faltan ditut aurrez aurreko ekitaldiak, elkarrekin eta baltsan sortzeko abaguneak.
Hatsaren Poesia eguna, bada, ez da soilik poesia argitaratzeko, entzuteko edo irakurtzeko plaza: poesia bizitzeko eta partekatzeko lekua da, benetako poesia sortzeko gunea, denbora geldo baten aterpe, mundu arin honen erdian. Horregatik, baltsan aritze horrek —elkar hartuta, elkarrekin— gure sormen kolektiboa pizten du, eta bakarka idazten dena ere taldearen arnasa edo hatsa hartzen hasten da. Batzuetan hitzak isilune baten gisa erortzen dira, bestetan irribarre artean lehertzen. Eta hor bertan, pizten da benetako poesia: beste baten begirada norbere barnearekin gurutzatzen delarik.
Ez da kasualitatea, beraz, Larraldeko ekitaldia baserri baten ingurumarian antolatzea, inguruneak berak markatzen baitu erritmoa: belardien kulunka, haizearen zirrara eta arratsaldeko argi urdinak eskaintzen duten hondo lasaia. Naturarekin batera, poesia ere bere lekuan jartzen da. Ez oholtza baten gainean, baizik eta mahai baten inguruan, belarrean eserita edo zuhaitz baten itzalean, ahoz ahoko intimitatean.
Baltsan aritze horrek oroitarazten digu oraindik posible dela bestelako elkarbizitza bat, entzunean, idaztean eta partekatzean oinarritua. Egun horretan ez da curriculumik, ez da algoritmoen menpekotasunik, ez da sare sozialen irristadurarik. Bakarrik gara. Horrek, hain zuzen, ematen dio indarra egunari: bertaratutakoen presentzia kontziente eta osoak.
Agian ez da kasualitatea Hatsaren Poesia eguneko liburuaren azaleko ate horretatik haizea sartzea eta orriak astintzea: zerbait mugitzen ari da, barrenean eta kanpoan. Baltsan ari gara, eta hori, gaur egun, iraultza txiki bat da, elkarrekin ala bakarka sortzea, bitartekari artifizialik gabe.
Baltsan elkartuko gara maiatzean ere elkarri hats emateko, izan Meñakan Luis Baraiazarra euskaltzain zenduaren omenaldian, izan Irungo Euskaraldian Hatsaren poesia liburuaren aurkezpenean, izan Zarauzko Literaturian.
Ekainean, arramaiatzean, Baltsan elkartuko gara Ziburuko kostaldean elkarri hats ufada kresaltsua emanez. Datozen hilabeteetan ere aurkituko ahal dugu denborarik elkarrekin baltsan aritzeko adimen natural osoz!