Podcast
Ez nituen pertsonalki ezagutzen. Ez nintzen inoiz euren inguruan suertatu, ez eta eurekin hitzik gurutzatu ere. Eskoziarra bata, solas patxadatsu eta atseginekoa. Azpeitiarra bestea, ogroetan Ogrue, den-a (eta ez den-a) zorroztu zalea idatziz zein ahoz. Sailez apartekoak biak ala biak, norbere estiloan.
Podcast bidez iristen zen nire belarrietara Moore eta Segurolaren jarioa. Hango eta hemengo txirrindularien aferak batak, ingelesez. Kontu orotarikoak besteak, hankak lurrean eta azpeitiera gatz-pipertua mingainean, hizkuntza inportantea omen baita, batez ere esateko zerbait dagoenean. Eta bazuten entzule fidel bat Jerusalemen, mugikorreko aplikazio baten bidez ederki engantxatuta ere.
Iraganaldian ari naiz idazten, aste pare baten baitan joan baitzaizkigu biak berriki. Jaso dituzte merezitako hamaika laudorio post mortem. Miresmenezkoak, errespetuzkoak. Umoretsuak ere bai tartean. Zinez sentituak guztiak ere. Ez nator ni enegarren omenaldia egitera, baina zilegi balitzait, bai nahi nuke bi heriotza hauek barruan mugitu didatena hona ekarri.
Izan ere, sekulako pena hartu bainuen bataren eta bestearen galeraren berri jasotzean. Nahigabe benetakoa, tripak ukitzen dituen horietakoa. Eta pena adinako zer pentsatua ekarri dit horrek. Nola da posible halako atsekabea sentitzea, milaka kilometrora, parean inoiz tokatu gabeko norbaitengatik? Zergatik? «Ser de la ETA?»
Ilunabar-gaua nuen Moore eta Segurolaren jarduna entzuteko momentu kuttuna, eguneroko buruhausteen aurkako analgesiko. Afari asko prestatu dut eta erratzari eta lanbasari luze eragin diet euren kalakak lagun. Egiari zor, bertatik bertara ezagututako zenbaitekin baino ordu gehiago eman dut bi hauen tertuliaren konpainian. Eta susmoa dut agian horrek badiola zerbait daramadan bizimoduaren tasun eta keriez.
Zinez aparta baita Edinburgotik ala Azkoitiko Matadeixetik aireratutakoak Jerusalemen entzutea. Zoragarria lau sosekin baina zuzen eta artez egindako lana sarean eskuragarri izatea mundu zabalean. Pagotxa distantziatik etxeko aferen arrastoa jarraitzea. Positiboa urruti dagoen ezezagun horrekiko gertutasuna sentitu ahal izatea. Baina susmoa dut mugikorreko Ivoox horren algoritmoa ez ote zaidan batzuetan Homo sapiens softwarearekin gatazkan sartzen.
Gertutasun printzipioak baitio gizakiok joera dugula inguruan ditugunekin erlazionatzeko. Baina zer zait gertu eta zer urrun sega-potoan nahieran eskuragarri dudan zibermunduaren eta deserriko mundu fisikoaren artean? Ez al dizkit, akaso, lehenak bigarrenaren zulo eta gabeziak estaltzen? Han egon nahi eta ezina eta hemen egon behar nakarra eramangarriago egiten?
Pentsatzen hasita, Moore eta Segurolarena bezalako betelanik gabe beharbada etxe azpiko dendariarekin sinpatikoxeagoa izateko grina piztuko litzaidake, eta jakingo nuke bere izena, gutxienez. Edota agian Hiri Santuko hizkuntzetan solteago jardungo nintzateke, honezkero. Finean, edonongoa edonoiz eskuragarri izateak ez ote nauen orain eta hemengotik despistatzen. Abarka asko eta apreta gutxi, alegia.
Nioen ez nentorrela zendu berriei omenaldia egitera. Baina bai nahi nieke nigan utzi duten arrastoa aitortu, eta azken asteetako afalaurreetan faltan bota ditudala esan. Ingurukoei besarkada bana, eta bizi bedi luzaroan euren ondarea nire sakelakoan.