Hauxe da bizikidetza, ala ez?
ANTXETATIK
Irungo kafetegi batean nengoen, lagun batekin, goizeko kafea hartzen. Ordaintzen ari nintzela, beste lagun bat ikusi nuen. Dei dezagun X jauna. Garai batean ETA erakundean iraultza zerga kobraketaz arduratu izanagatik (omen, beti omen badazpada) epaitua eta espetxeratua izan zen. Agurtu egin nuen eta ordainketarekin segitu. Lagunarekin batera kafetegiko atetik irteten ari nintzela, «Aitziber, zatoz!» deitu ninduen X jaunak. «Gizon honek zure aita ezagutzen du, lagunak omen dira», esan zidan irribartsu (dei diezaiogun XX jauna). Egia da kafea hartzen ari nintzela, XX jauna ikusi nuela eta ezaguna egin zitzaidala, baina ez nuen nire aitarekin lotu. «Hau eta hau naiz, zure aitaren laguna, Altzakoa! Nola zaudete? Aspaldian ez dut aita ikusi», eta bla bla bla segitu genuen. Solasaldia amaitu ostean, bi ertzain sartu ziren kafetegira. Lasai ederrean, hauek ere kafe bana hartzera suposatzen dut. «Buenos dias» esan zuten, baina nik ez nien erantzun. Gaizki egina agian, baina nik sentitzen ez badut ez dut egiten. Halakoa naiz.
Eta zertara datorren hau? Bada, kontua da, oso metro koadro gutxian eta oso denbora laburrean, sekulako nahastea suertatu zela, hainbeste aipatzen den bizikidetza jorratuko bagenu.
Esan dizuet, X jaunari zer leporatu zioten, esan dizuet bi ertzain sartu zirela. Esaten dizuet orain, nire aita erakundeko militante izan zela (iheslari ondoren, eta orain ustez libre, halako ibilbidea ukan ostean inoiz libre izan bazaitezke…). Hemen dator bizikidetza (edo ez dakit nola deitu; Euskal Herriko errealitatea agian?) aipatu izanaren arrazoia.
Popurri hura borobiltzeko, esaten dizuet ere XX Jauna hainbat enpresaren jabea izan dela eta guri, diru asko eta asko utzi izan zigula aitaren ausentzian aurrera egin ahal izateko. Bere benetako izena esan zidanean oroitu nintzen ni ere
nor zen.
Aitaren lagun bat, bai. Txikitakoa. Eta handitu edo heldutu ahala, oso bide ezberdinetatik jo zuten. Kontua da, kanpora atera ginenean, hau dena azaldu niola nire lagunari. Eta azalpena ematen ari nintzela honakoa pentsatu nuela: hauxe da bizikidetza, ala ez? Ezberdin pentsatu eta ezberdin ekiten dutenak espazio berdina konpartitu ahal izatea. X jaunak eta XX jaunak ideologia ezberdina dutela uste baitut. XX jaunak eta nire aitak behintzat bai (laguntasuna gailendu bada ere). Tira, hauek alde batetik, eta bestetik bi ertzainak. Denek konpartitu baitzuten espazioa.
Burua itzuli nuenean, gainera, kasualitatea ala ez, bi poliziak, X jauna eta XX jaunaren ondoko mahaian jarri ziren. Gazteak ziren, beraz, ez zuten pentsatu edota imajinatu ere egingo zein zuten alboan. Agian «buenos dias» ordez, «egun on» esan izan balute, errazagoa eginen zitzaidan niri ere erantzutea. Eta agian horrela delako bizikidetza borobilagoa izanen litzateke.
Euskarak egiten gaituela uste baitut. Gehiago idatziko nuke, baina batzuetan isiltzea hobe. Hitz egokia topatzea zaila izaten baita zenbait gairekin.