Gutuna: «Zinegotzi berria eta euskararen politizazioa»
Josu Narbarte irundarrak bidalitako gutuna.
Irundar askok partekatzen dugun iritzia da gure udal gobernuek inoiz ez dutela interes handirik erakutsi euskararen normalizazioan urrats sendoak egiteko. Pentsa zitekeen, agian, jarrera hori aldatu egingo zela PSEk eta Ahal Duguk berriki sinatu duten gobernu-akordioarekin. Azken alderdi horretako zinegotzi den Miren Etxebestek hartu du euskara arloaren ardura, hasiera batean behintzat euskararen normalizazioaren alde egiten duen programa batekin. Horregatik harritu nau hainbeste, Etxebestek duela egun batzuk Irungo Hitzari eskainitako elkarrizketa batean, euskararen normalizazioan kontzientziazioa behar dela, bai, baina ez “kontzientziazio aktibista”.
Onartu behar dut ez zaidala batere argi gelditu zertan datzan aipatutako “kontzientziazio aktibista” hori. 1962an, diktadura betean, Irungo Ikastola hutsetik sortu zuten guraso eta irakasleez ari ote da? Tokiko hedabideak euskaraz izan ditzagun (Irunero, Hitza…) lan egin dutenez? Hamarkadaz hamarkada euskaltegietan, gau-eskoletan, kultur taldeetan musutruk aritu izan direnez? Irun Irutenekoez, Betti Gottikoez, Aitzondo taldekoez? Nik, behintzat, oso argi daukat “aktibista” horiei esker ez dela euskara gure herrian guztiz desagertu. Haien konpromisoagatik izan ez balitz, egun Irunen ez genukeela izango ezta %7,6ko kale-erabilera xume hori ere. Eta behar-beharrezkoak direla, “aktibista” horiek guztiak eta askoz gehiago, noizbait euskaraz normaltasunez bizi ahal izatera iritsi nahi badugu.
Zinegotziak dio euskara “politizatuta” eta “sentimendu independentistarekin elkartuta” dagoela. Ez du azaltzen zertan oinarritu den halako baieztapena egiteko, eta beraz zaila da bere iritziaren sendotasuna epaitzea. Susmagarria zait, haatik, ez duela deus esaten Udalaren jardun komunikatiboan euskarari eman ohi zaion trataera traketsaz, ohituta ez bageunde bezala euskarazko bertsioa beti bazter batean ikusten, letra txikiagoan, kolore arinagoz, eta batzuetan are euskarazko bertsiorik gabe (ikus beheko irudia). Hori ez ote da politizazioa, Etxebesteren ustez?.
Hortaz, herritar gisa, nik Etxebeste andreari eskatuko nioke bi (edo hiru) aldiz pentsa dezala, arinkeriaz jositako adierazpenak egin aurretik, euskararen normalizazioan ez ote diren oztopo izan, “aktibistak” baino askoz gehiago, urteak joan eta urteak etorri euskararekiko halako axolagabekeria erakutsi duten udal agintariak. Nekez ekingo baitiegu euskararen benetako arazoei, aurretik errealitatearen analisi zintzo eta zorrotza egin gabe.

Irungo Udalak Fermin Calbeton kalean kokatutako panela. Izenburuan, euskarazko bertsioa kolore arinagoz idatzita dago. Mapa bera, berriz, erdara huts eta jatorrean. Iturria: Irungo Hitza.