Gutuna: "Zaldunbordako outlet herrixka erraldoia: zeinen mesedetan?"
Orain dela egun batzuk komunikabideek beste “proiektu estrategiko” baten berri ematen zuten: 28.000 metro koadroko luxuzko marken outlet-a, Zaldunbordan (Hondarribia).
Proiektua berria ez den arren, zenbaki berriak ezagutzera eman zituzten: zenbat balioko duen, bertara joango diren milioika pertsonak, sortuko diren milaka lanpostuak. Zenbaki handi horiekin, benetako mozkinen gainean gure begirada belztu nahi dute proiektuaren sustatzaileek.
Outlet-aren bultzatzaileek egindako publizitatea logikoa da, proiektuaren alde onak saldu behar baitituzte marka handiak erakarri ahal izateko. Baina alde onik ez duena da EAJk proiektuaren lidergoa eramatea eta hori sostengatzea, kosta ahala kosta, Hondarribiarentzat eta inguruko herrientzat ekonomikoki jarduera ona izango dela sinestarazten saiatuz.
Oarsoaldean, Bidasoaldean zein Gipuzkoa osoan tokiko merkataritzak bizi duen egoera aski ondo ezagutzen du EAJk. Internet-ak eta salerosketa gune handiek tokiko komertzioen biziraupena benetan mehatxatzen dute. Egoera honi guztiari proiektu berri hau gehituz gero, epe laburrean, inguruko herriek ez dute tokiko merkataritzarik izango, ez auzoetan, ezta erdiguneetan ere.
Hau al da EAJk Bidasoalderako eta Oarsoalderako nahi duen jarduera ekonomikoa? Hau al da hizpide duen lurralde oreka? Gizarte kohesioa sortzen duela uste al du? Iraunkorra al da? Gure ikuspuntutik, EAJk egiten duen proiektuaren defentsa alderdiaren diskurtsoaren aurkakoa da.
EAJk ezin du lurraldearen orekari buruz hitz egin eta outlet-a Oarsoaldearen eragin eremuan egongo dela jakingo ez balu bezala jokatu. Eremu “degradatu” gisa kalifikatuta dago Oarsoaldea eta horren inguruko ponentzia bat garatzen ari dira Eusko Jaurlaritzan, merkataritza gune handien saturazioaren eta indartu beharreko jarduera industrialaren ondorio zuzena dela dio.
Gizarte kohesioaren inguruan hitz egitea ezinezkoa da, kontutan hartzen badugu sortuko diren lanpostuak lanaldi partzialekoak eta prekarioak izango direla, horien gehiengoak emakumeek okupatuko dituztela, eta beraz, desberdintasunekin, soldata arrakalarekin edo kontziliazio arazoekin bukatzea ezinezkoa izango dela. Gainera, Gipuzkoako gizartea zahartzen ari bada, tokiko zein gertuko merkataritza beharko du, non harreman sozialak sortzen diren dendarien eta auzokideen artean, auzoei bizia emanez.
Ezin dugu ingurumen iraunkortasunaren inguruan hitz egin, justu kontrakoa izango baita. Gune horietara garraio pribatuan joaten da jendea —CO2 isurien %60aren erruduna da EAEn— eta horri guztiari sarbiderako trafiko arazoak gehitu beharko zaizkio. Horrela ez da “aldaketa aldatzen”, betikotzen dela baizik.
EAJk proiektuaren alde onak “saltzeko” kanpaina abiatuko duela suposatzen dugu; eta horrekin tematu arren, ezerk ez du proiektua justifikatzen eta gure buruari egindako galderak hainbat eta hainbat dira: Zergatik zentzugabekeria hau? Zeinen mesedetan? Higertoki promotorari, zeinak lursaila erosi zuen, salmenta baino hilabete batzuk lehenago sortua eta Esergi Inversiones enpresaren parte dena (Avia gasolindegiak) Bilboko portuan egoitza duenaren mesedetan? New Asset Man higiezinen agentziaren mesedetan, zeinak tankera honetako guneak eraikitzen dituen, eta Zaldunbordaren arduraduna den?
EAJk Zaldunbordaren nondik norakoak azaltzeko obligazioa duela uste dugu, zergatik egin duen Hondarribian kokatutako merkataritza gune honen aldeko apustua, alderdiaren planteamenduen aurka eginez, Eusko Jaurlaritzaren eremu degradatuen ponentziaren ondorioen kontra eta Donostia-Hondarribia korridorearen tokiko merkataritzaren behin betiko heriotza eraginez, ingurumenaren eta bizitzaren kontsumo iraunkorraren aurka.