Gutuna: «Osasun krisiaren esangura politikoaz»
Maialen eta Beñat Agirresarobe anai-arreba irundarrek larrialdi egoeraren gaineko gogoeta elkarbanatu dute.
Larria eta bitxia da gaur bizi dugun egoera. Larria batez ere. Pasa den martxoaren 14ean adierazi zuen Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez buru, Covid-19ak sortutako krisi-egoera dela-eta, alarma egoera batean murgildu zela Estatua. Ondorioz, bertako biztanle guztioi zenbait askatasun murriztu zizkiguten. Era berean, hilak 18an, Frantziako gobernuburu Macronek antzeko neurriak iragarri zituen gure eskualdean eraginez. Ekonomia zuzenki kolpatu du birusak sortutako testuinguruak, hau mundu mailako krisi ekonomiko, politiko eta soziala bilakatuz. Hots, ekoizpen prozesu mundialaren berregituraketa fase batean sartu garenez, milioika langileren egoerak aldaketa esanguratsuak biziko dituzte (lan erregulazioak, kaleratzeak, gertukoen zaintza ezin bermatzea, etab.).
OarsoBidasoko eskualdea ez dago salbuetsita neurri hauetatik, eta ekarpena gure eskualdera ekarriz, hainbat izan dira neurri hauen adibideak. Alde batetik, Irungo Komarkala ospitalea, osasun sistema publiko osoa bezala, gainezka egiten ari da egunotan. Covid-19 birusak kutsaturiko gero eta pertsona gehiago iristen dira, eta osasun baliabideak eskasak direnez, bertako langileak ohi baino askoz ere ordu gehiago betetzen ari dira.
Beste batetik, Irungo CAF enpresaren egoitzan, bertako 1.400 langile daudelarik, sindikatuek patronalarekin adostu zuten hilaren 16an, salbuespen egoera amaitzerakoan, langileek egun hauetan betetzen ez dituzten lanorduak errekuperatu beharko dituztela. Sindikatuek lan erregulazioa ekidin izana garaipentzat saldu duten arren, langileak lanera itzultzean haien gain eroriko dira ordain guztiak. Lan-eremuko egoera hau, ordea, gure eskualdean nagusi diren ETE (Enpresa Txiki eta Ertainak) askotan erreproduzitzen ari da asteotan, non epe honetako lanordu guztiak legez berreskuratu beharko dituzten langileek (berebizikoak ez diren jarduera ekonomikoetan bereziki, gobernuburuak gaur legeztatutako baimen ordainduaren arabera).
Irun zein Hondarribiko udalek ere udal-zerga eta tasen inguruko hainbat neurri hartu dituzte. Txingudi Mankomunitateko Ur eta Hondakinen Zerbitzuak martxoko eta apirileko ordainketak atzeratzeko aukera eskainiko du; Irungo kasuan Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) zein Trakzio mekanikoko Ibilgailuen Zergaren (TIZ) ordainketen epemugak ekainaren 1era eta irailaren 15era luzatuko ditu udalak, hurrenez hurren; eta Hondarribiko Udalak OHZren ordainketaren epemuga irailaren 15era luzatu du ere. Gure iritziz, neurri hauek ez dute arazoa errotik ezabatzen. Seguraski, ordainketen epemuga luzatzeak arazo handiak sortuko dizkie familia ugariri, salbuespen-egoeran egin beharko dituzten gastuen ondorioz ez dutelako aurrezteko aukerarik izango eta gerora, zergak ordaintzeko ezintasun nabariak edukiko dituzte.
Esanguratsua deritzogu polizia eta indar armatuen kale presentziak gurean eduki duen eraginari ere. Mugako kontrol polizialen erruz, eguneroko bizitza hegoaldean egiten eta beste aldean harrapatuta gelditu garenok asko izan gara. Berehalakoan gure gertukoen zaintza zaildu digute, baita kontrol soziala areagotu ere, lanera joateko oztopo guztiekin batera.
Neurri guzti hauek ezohiko egoera bati berezkoak izatetik urrun, krisi testuinguru batean klase menderatzaileak (goi burgesiak) gizarteko talde zaurgarrienari (proletalgoa) ezarritako menderakuntza-tresnak dira. Horrela, etekin-ekonomikoen bila modu aseezinean abiatu den burgesiak krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak hartu ditu, langileon osasun zein bizitza bigarren maila batera eramanda, beste behin ere. Nola ikusi ote dezakegu hau ba, gure egunerokotasunean? Bada, alarma egoeraren lehen egunetik langileoi bereziki zenbait oinarrizko askatasun murriztu zitzaizkigun: biltzekoa edota libreki mugitzekoarena, esaterako. Horrelako prozesu sozialen aurrean, ezinbestekoa deritzogu neurri hauek sustatzen dituen talde soziala zein den identifikatzea, neurri hauekin bete nahi dituen interesekin batera. Modu honetan, besteak beste, haien proiektuarekiko kontrakotasunean egunero politika egiten eta militantzia politikoan gabiltzanoi sekulako oztopoak ezarri dizkigute. Langileen oinarrizko askatasun politikoen defentsan sortutako antolakundeen jarduna ezinezko bihurtu dute. Ondorioz, alarma-egoera salbuespen-egoera politikotzat dugu, krisi garaiotan burgesiak langile- klasearen aurka burutzen duen klase-ofentsibaren baitakoa, hain zuzen ere.
Sortu berri duen egoera sozial honetan, klase burgesak duen erantzukizun soziala salatu nahi dugu, baita eskura dituen bitarteko guztiak ondorio latzak pairatzen ari diren milioika langileen ongizatearen alde erabiltzea exijitzen ere. Bide honetan, Euskal Herriko mugimendu sozialistaren parte den Gazte Koordinadora Sozialistak, ezkutuko salbuespen-egoera politiko honen aurrean eta Ofentsiba Gelditu! lemapean, abiatutako salaketa kanpaina politikoa eta honen atzeko lan guztia azpimarratu nahi genuke.
Kanpaina politiko honek lau ildo bereizi ditu:
Lehenengo eta behin, burgesiaren salbuespen neurri politikoak bertan behera utzi eta askatasun politikoak berrezartzeko urgentzia azpimarratu dugu GKSko kideok, burgesiak espazio publikoaren kontrol sozial osoa bereganatu duen heinean.
Bigarrenik, ezkerreko alderdiek haien jardun politikoa estatu-egiturak zilegiztatzeko ahaleginetan zentratu dituztela salatu dugu, batez ere salbuespen neurriak ontzat hartuta.
Hirugarrenik, masa-komunikazioko hedabideei birusaren hedapenaren kausaren, eraginaren baita dimentsioaren inguruko egia osoa azaleratzeko eskatu diegu, etorkizun hurbilean birusak eragin ditzakeen osasun kalte errealen aurreikuspena egin dezagun langileok. Izan ere, bai goi- burgesia bai estatu-egiturak hedabide hauetaz baliatzen dira gertakari guzti hauen klase-izaera ezkutatzeko, desinformazioa xede.
Azkeneko puntu gisa, salbuespen-neurri guzti hauen aurka eta langileon alde zereginetan dabiltzan eragile eta kolektibo orori abiatutako kanpaina politikora batzeko deia luzatu diegu, langileriaren defentsa politikoa hezur-mamitzeko asmotan, klase zapalduaren auto- antolakuntza ahalbidetzearekin batera.
Ezohiko egoera honen aurrean, gure ekarpena egiteko idatzi dugu gutun hau. Normaltasunera itzultzeak kostu ikaragarri handiak ekarriko dizkigula argi dugu, nahiz eta ezagutzen genuen “normaltasun” horretara bueltarik ez egon. Alderdi politikoetatik iristen zaizkigun ardura eta konpromiso sozialen inguruko mezu hutsaletatik haratago, honakoan berresten gara: langileriak bere bizitza sozialaren gaineko kontrol osoa berreskuratzea ahalbidetzen duen proiektu politiko bakarra sozialismoa da; militantzia eredu komunista eta langileriaren auto-antolakuntza bidezkoa azken hau.