Gutuna: "Bidasoa ibaia S.O.S"
Zoritxarra soilik albiste bilakatzen denean, gizartea gaixorik den seinaletzat jo daiteke, inolako zalantzarik gabe.
Zoritxarra soilik albiste bilakatzen denean, gizartea gaixorik den seinaletzat jo daiteke, inolako zalantzarik gabe. Igandeko albiste beltzak ez du komunikabideetan askorik iraunen, aurreragoko gaiak eta arazoak baitaude gizartean: oporrak, hondartza, terrazak, eguraldia, ez txertatzeko “libertatea”, pandemia e.a.
Hala ere, aspaldi honetan, Afrikatik datorkigun gazte andana ez da eten, ezta etengo ere. Zoritxarrez, Irungo paisaian txertaturik daude eguneroko bizitzan. Geltokian, Martindozenea aldean, Arretxe gainean, Behobiako elizaren atzealdean… Puntta aldeko autobidearen zubi azpian, Alundako artasoroen inguruan, San Juan Harri plazan eta, batik bat, Bidasoa ibaiaren hegian, ibaia zeharkatzeko aukera eta guneren baten bila; binaka, launaka… noraezean ibaiari so, zubiko jendarmeak zelatan eta hauek saihestea lortuz gero, Urruñarako patarraren hasieran beste batzuek zain dituztela.
Atzo bertan, zubi-zubian zeukaten gazte bat, autoak eta oinezkoak batetik bestera lasai asko gindoazen bitartean. Bidasoa ibaiaren ederra madarikatu bilakatzen ari da, eta ingurukook comosino.
Harrera Sareak artatzen ditu, baina erakunde guztiek aintzakotzat hartzen ez dituzten bitartean, zoritxarreko albisteak sortuko dira. Noren egitekoa da, zinez?
Igande goiza, Biriatuko Larretxeko bordatik ekin diogu ibiliari. Usaitako jentiletxean ezkerretarantz joz, Filtra ingurura heldu gara, handik beste bi jentiletxeren albotik ubide gainean den bidea jarraitzeko. Uda bete-betean denez, iratzea, laharra eta otea su batean dago eta inor gutxi ibiltzen den tokia izaki, makila batez baliatu behar da zenbait lekutan sasia joz aitzinera egiteko. Eguzkia indarrean da. Jendea dator. Hara! Lau mutil gazterekin egin dugu topo. Gazte, sasoiko eta beltzaranak, Xoldoko gaineko urtegitik beherantz zetozen. Ez dira Ibardin aldera doazen ohiko turista mendizaleak, Kongo Brazzavilletik auskalo zergatik eta noiz irten, eta gaur goizeko 11:45ean Lapurdiko mendi bateko bidezidor galdu batean galdurik burua galdu gabe bide bila doazenak baizik.
Musaje alai, abegikor eta eskertsukoak ziren. Pariserako asmotan zihoazen. Argibide labur batzuk eman ondoren, pixkanaka sasi, lahar, sastraka eta iratze artean ezkutatu dira; gu, ostera, geure mendi ibilaldiarekin jarraitu dugu. Mundu bat, mundu bi ala mila mundu, batak bestearekin ezertxo ere jakin nahi ez dutenak.
500 metro barru errepide batekin egingo zuten topo; zibilizazioa. Handik aurrerakoaren berririk ez dugu. Ez dakigu harrapatu dituzten edo, hala ez bada, zer jan eta gaua non emango duten, zeren eta Paris “zoragarria” ez da hurrean.
Atzoko abentura, gaurko abentura… etxetik irten zirenetik zenbatgarrena ote dute? Urteroko uso pasea balitz legez ikusten baditugu, gizartearen porrotaren adierazle izanen da.