Gutuna: "Ez da gizarte osoaren porrota, denok ez gara errudunak"
Irungo Harrera Sareak beti defendatu izan du bizitza eta lagundu egin diegu nahi duten lekuan, zain dauzkaten eta nahi duten jendearekin bizitzen jarrai dezaten.
Duela gutxi, Abdoulaye Bidasoko uretan hil ondoren, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo Saileko ordezkari den Xabier Legarretak honako hau adierazi zuen prentsaren aurrean: “Gizarte osoaren porrot kolektiboa da”. Horrela, bere karguak behartzen eta ematen dion erantzukizun guztiaren zati bat kendu, eta, aldi berean, gertatutakoaren errudun eta erantzuleak gu guztiok garela adierazi zuen. Baina, nahita edo nahi gabe, oker dabil. Gu ez gara errudunak.
2018. urteaz geroztik, Irungo Harrera Sarean (IHS), etorkizun hobe baten bila ez, baizik eta etorkizun baten bila Europara bidean Irunera iristen diren pertsona guztiengatik egunero kezkatu eta arreta irmoa eskaini dieten boluntarioen talde bat dago. Beti ere, maitasun handiz eta baliabideak baino borondate gehiagorekin aritzen diren boluntarioak.IHS-k erantzukizunen bat baldin badu arduratsua izatea da, oso arduratsua izatea bere lanean. Errespetu handia die honaino iristen direnei, ahalik eta modurik onenean laguntzen eta orientatzen baitiete bidaian aurrera egin dezaten. Dozenaka boluntario izan dira azken hiru urteotan 16.000 gazte baino gehiagori bizitza berregiten lagundu dietenak, babesa eta besarkadak emanez trukean ezer eskatu gabe.Bizitza da baliotsuena, neska-mutilek beren motxiletan dakarten ondasunik preziatuena. Irungo Harrera Sareak beti defendatu izan du bizitza eta lagundu egin diegu nahi duten lekuan, zain dauzkaten eta nahi duten jendearekin bizitzen jarrai dezaten. Berriro eta behar den aldi guztietan errepikatuko dugu: “Inork ez du emigratzen eta bere etxea uzten gustuz”. Ez da gutizi bat. Askorentzat emigratzea behar bat baldin bada, igarotze-askatasunak eskubidea izan beharko luke, eta, hortaz, gobernatzen gaituztenek aitortu eta defendatu egin beharko lukete.Euskal Herria zatitzen duen muga artifizialean instalatutako blindajeak, Estatu espainiar eta frantsesaren artean administratiboki banatzen gaituenak, itxi eta blokeatu egiten du gazteentzako pasabidea. Era honetan, alde bateko eta besteko agintarientzat “legez kanpokoak” bilakatzen dira gazte hauek eta beste askorentzat “ikusezinak” bihurtzen dira.Txikienetatik hasita handienetaraino, erakunde publiko guztiek dute erantzukizun-kuota bat hemen gertatzen ari den guztian, hala nola, Irungo Udalak, Jose Antonio Santano alkatea buru dela, Hendaiako Udalak eta Foru Aldundiak; baita, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Barne Ministerioak, Grande-Marlaska ministroak, Frantziako Gobernuak, Europar Batasuna… Beste alde batera begiratzeari utzi behar diote eta ez soilik egoera eta drama hau nola kudeatu jakiteko, baizik eta politikoki aurre egiteko eta sufrimendu hau arindu eta ez handitu nahian, dinamika eta politikak abiarazteko. Laguntzea da kontua, ez atzetik ibiltzea. Besarkatzean datza, eta ez geldiaraztean.Erakunde batzuek harrera duinak eta kontingentzia-planak erakusten dituzte komunikabideetan, eta, bitartean, egunero gazteak kalean uzten ari dira, Gurutze Gorriaren Hilanderas dispositiboan gertatzen ari den bezala. Uztailaren amaieran erakunde horrek langile bat kaleratu zuen arrazoi hauengatik:
Bere lan-ordutegitik kanpo Gurutze Gorriaren baliabidera sartzen utzi ez zitzaion eta kalean gaua igarotzen ari zen gazte bati jaten emateagatik.- Kalean egunak zeramatzan gazte bati Hilanderasen sartzen uztea dutxatu ahal izateko.
Kontatzen ari garen hau ez da egunero erakunde honetan lan solidarioa egiten duten langile eta boluntarioenganako kritika. Gure kritika geografikoki hurbilago edo urrunago dauden eta tankera bateko edo besteko gobernu jakin batzuek lan horri buruz egiten duten manipulazioaren aurkako kritika da.
Erakunde horiek guztiek eskaini beharko luketen harrera eta laguntza falta horren ondorioz, askotan, gazte horiek, hilabeteak eta urteak ere iraun ditzakeen bidaia batek desorientatuta eta ahituta, ez dute biderik onena aukeratzen, ezta irteerarik onena aurkitzen ere. Baina sarrera ukatzen zaizunean, ate guztiak ixten zaizkizunean, bide eta zubi guztiak blokeatzen dira, uretara botatzea, beste behin ere, aukera bat da horietako askorentzat…
Duela bi urte arte ehunka kilometrora zegoen hesia, orain gure etxeetatik pauso batzuetara dago. Haren itzala mehatxuka dago gure buruen gainean. Bidasoa ibaia Euskal Herria lotzen duen zubi bat da, ez luke gure artean bananduko gaituen amildegi bihurtu behar, ezta gure herriaren askatasun nahiak itoko dituen hobi, ezta ere bere ertzetaraino iristen direnen askatasun ametsak itoko dituen hobi. Elkartasun korrontea EZ da gelditu behar.
Irungo Harrera Sareko gure lankideek egunero atsedenik gabe egiten duten lan desinteresatua goraipatu nahi dugu, oztopo eta hesi guztien aurka borrokatuz, guztion artean taldean eta erabakitasunez aurre egin ezean, gainditu ezinezkoak izango liratekeelako.