Nekane Barandiaran Bengoetxeak gutuna bidali du HITZAra. Garraio publikoaren, autobus zerbitzuaren gaineko kezka azaldu nahi izan du. Hona, hitzez hitz, hark esandakoak.
Irun Hondarribia
Hain hurbil eta hain urrun. Ez da hasi uda eta dagoeneko lehendabiziko autobusa (ni bertan nagoela) ez da pasa Kostatik. Ordutegia ezin bete dabilela. Eta arrazoia du. Gidariak jasaten du gure ezinegona (batzuen haserrea ere), eta lana ezin betetzeak sortzen dion estresa, errepidea, trafikoa….
Baina ni ere langilea naiz, eta berandu ailegatzen banaiz arazoak ditut, eta horrek ere estresa sortzen dit, eta batzuetan haserrea. Jendeak kotxea ez mugitzeko eta autobusa (garraio publikoa) erabiltzeko laguntzak eman dira, eta bikain daude, emaitza hor dago: autobusetan jendea dabil, askoz gehiago, hor daude zenbakiak.
Baina autobusen frekuentzia mantendu da, eta udan badakigu zer gertatzen zen aurreko urteetan, eta badakigu zer gertatuko den aurten.
Zergatik ez aurrea hartu arazoari? Konponbideren bat egongo da, ez?
Nekane Barandiaran Bengoetxea. Hondarribia.