GUTUNA: 'Herriaren tokia izango da gaztetxea'
Gaztetxe berri bat jaio da Hondarribian. Herriko gazte ezberdinek elkarlanean erditutako gaztetxea, herriarentzat irekia, herriaren tokia izango dena.
Arazo ezberdinak identifikatu ondoren gazteen arteko harremanak hobetzeko eta auzo giroa sortzeko espazio baten beharra ikusi dugu. Urteetan utzita egon ondoren, biltegi lana egin duen eraikin historikoan bildu ditugu indarrak eta herri honetan gazteen inguruan dagoen utzikeriari aurre egin diogu.
Hori posible egiteko, ilusioz, proiektu ireki bat bultzatu dugu, herriarena izango dena. Beste eredurik eskaintzen ez duen herrian, sistema kapitalistak gazteok baztertu eta banatu egiten gaitu. Horren aurrean klase elkartasunez eta autogestioaren bidetik, ekintza kultural, aisialdi alternatibo, hitzaldi,
memoria historiko eta tailer ezberdinen bitartez herria aktibatzeko asmoa dugu.
Gure arteko harreman osasuntsuak sustatuz, jarrera faxista, matxista edo xenofoboz libre egon nahi duen gune bat sortu dugu. 30 urteren ondoren, beste eredu batzuk ezagututa (Kataluniako zentro zibikoak, Euskal Herriko
gaztetxe ezberdinak…) herri honi, auzo honi, gure asmoa erakutsi nahi diogu, irekia eta anitza.
Egun hauetan, aurrera eramandako auzolanen bitartez ezagutzen joan gara, ilusionatzen joan gara. Ezberdinen artean utzia zegoen ondare historikoa, ondare txukuna bilakatu dugu. Ezagutzen ez ginen gazteen artean, itxita egon den gunea ireki dugu. Uste dugu badela garaia auzo honetan, herri honetan, filosofia hau zabaldu eta herri biziago, alaiago bat egiteko. Etorri! Gaztetxeko ateak irekita dituzu.
Hondarribiko Gaztetxea