Gutuna: "Gure eskualdean ondorio zuzenak pairatu ditugu langileok"
Bidasoko Gazte Koordinakunde Sozialistako (GKS) bi kidek iritzi artikulua bidali dute HITZAra. Hemen, bidalitakoa osotasunean irakurtzeko aukera:
Krisi kapitalista bat bizi dugu, zeinean Covid-19ak eragindako pandemiak, katalizadore funtzio bat
betetzen ari duen. Azken urteotan ikusi ahal izan dugun moduan berregituraketa baten beharrean
dago kapitala. Horren adibide dira aurreko akumulazio ereduari eusteko Europako Banku
Zentralak martxan jarri dituen planak edo nabaria den gizartearen polarizazioa, klase ertainaren
suntsipena eta gizartearen proletarizazioa. Birusak berak krisi sanitario bat sortu badu ere,
burgesiak zabaldu duen iritziaren aurka, sistemaren egiturazko krisi honek kapital metaketaren
logikari erantzuten dio, eta ez alderdi politiko baten edo bestearen kudeaketa txarrari. Kapital
finantziarioak, politikari profesionalek eta enpresari handiek, egiturazko erreformak burutu ahal
izateko probestu dute ezohiko kontestu hau.
Europa mailan ematen ari den proletarizazio prozesua ez da gertakari isolatu bat, aurretik
aipaturiko neurriei erantzuten die, eta horren ondorio argia da masa zabalen pobretzea. Bestetik,
eskubide zibil eta politikoen murrizketa handi bat ematen ari da, zuzeneko diktadura bat ezarri
dute eta honen ondorioz botere burgesaren arbitrariotasunarenpean geratu gara langileok. Izan
ere, pandemiaren aitzakiapean beste askoren artean biltzeko eskubidea zein mugikortasuna eten
dira, jardun politiko minimo bat aurrera eramateko behar diren baldintzak galaraziz. Honetarako,
kontrol sozialerako mekanismo berriak martxan jarri dituzte, kamerak, aurpegi ezagutza sistema,
dronak, eta abar.
Egoera honetan sozialdemokraziaren papera azpimarratu nahiko genuke, gainontzeko alderdi
instituzional guztiekin batera hartutako neurri guztiak babestu dituelarik, kapital handiaren
interesei men eginez, eta egoera honen ardura osoa langileriaren bizkarrera jaurtiz. Enegarrenez
frogatu da klase ertainaren ordezkariek ez dutela ezer proletalgoari eskaintzeko.
Gure eskualdean ondorio zuzenak pairatu behar izan ditugu gazte langileok. Egoera ezegonkor
honek kaleratze ugari suposatu ditu, kontuan izanda gazteok ditugun kontratuak orokorrean behin
behinekoak direla eta egoerak txarrera egiten duenean kaleratuak izaten lehenak garela, erabat
babesgabe aurkituz. Bestalde azken asteotan eman diren gertakari ezberdinek botere burgesaren
arbitrariotasuna agerian utzi dute. Adibidez, Irungo Moskun gertatutako jazarpen polizial
jarraituak. Gertakari hauek ezin dira ulertu azken hilabeteotan masa komunikabideen bitartez
zabaldu diren ideiei erreparatu gabe: gazteria kriminalizatu da, ardura indibidualen aitzakiapean, eta
honekin beharrezko baldintzak sortu eraso hauek gertatzeko. Bestalde, oraingoan ere, ezohiko
presentzia poliziala egoten ari da Santiagoko eta Behobiako zubietan, kolore guztietako indar
errepresiboen bitartez, gure eskualdeko mugikortasuna eta, ondorioz, ekoizpenetik at existitzen
diren loturak bereziki baldintzatuz.
Honen harira, duela hiru aste Gazte Koordinadora Sozialistak salaketa kanpaina bat abiatu zuen,
hainbat puntu nagusirekin:
-Lehenik eta behin, Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako neurri disziplinario
eta polizialak indargabetzea exijitzen dugu.
-Honekin batera osasun baliabide sozialak indartzea ezinbestekoa dela deritzogu, izan ere uste
dugu egon badiren jakintza eta baliabide teknikoak ez direla pandemiari aurre egiteko erabiltzen
ari, kapital handiaren agendari erantzuteko baizik.
-Azkenik uste dugu burgesia maila internazionalean antolatua dagoen modu berean, antolakuntza
komunistaren hedapena ezinbestekoa zaigula langile klaseko kideoi eskubide zibil eta politikoen
defentsa artikulatzeko.
Hori dela eta, dei egiten diogu Bidasoaldeako gazteria langileari GKSk antolaturiko
mobilizazioetan parte hartzera.
Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu!
Xabi Pagalday eta Simon Vidal. Bidasoko Gazte Koordinakunde Sozialistako (GKS) kideak.