Gutuna: "Hondarribiko gobernu taldeari zuzenduta"
Hondarribiko udal gobernuak bete gabe utzi eta atzeratutako promesen ondoren, manifestu hau sinatzen dugun gobernuz kanpoko erakundeok [...]
Hondarribiko udal gobernuak bete gabe utzi eta atzeratutako promesen ondoren, manifestu hau sinatzen dugun gobernuz kanpoko erakundeok (GKE) ahotsa goratzeko beharrean ikusten dugu geure burua. Areago, zuen taldeak ordezkatzen duen administrazioaren aldetik bizi dugun babesgabetasun egoera publiko egiteari ezinbestekoa irizten diogu.
Gaur egungo noraeza 2018an hasi zen, oraindik ere ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, eskualdeko GKEak gure jardunarekin jarraitzeko udal diru-laguntzarik gabe geratu ginenean, hainbat kasutan, jardun hori 30 urtekoa izan bada ere. Hondamendi ekonomiko hura “arintzeko” 2019ko deialdia “lehenbailehen” argitaratzeko promesa ez zen azarora arte egikaritu, eta oposizioak gobernu taldea presionatzea ezinbestekoa izan zen horretarako.
2020. urtean aurrekarien jakitun izanda, GKE ezberdinak Gizarte Zerbitzuetara eta Kooperazio arloko zinegotziari zuzendu ginen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) “laster” publikatzeko beharraz ohartarazten. Hala ere, delegatuak ez zuen azarora arte ezagutarazi 2020ko deialdiak 2021ekoarekin bat egingo zuenik. Gainera, 2021 hasieran argitaratuko zutela jakinarazi zitzaigun, nahiz eta baieztapen hori berehala zuzendu eta deialdia 2021eko udaberrian egingo zutela adierazi zuten.
Ez da soilik 2021eko udaberria iritsi dela, era barkaezinean aurrera egiten duela baizik eta ez dakigula ezer nazioarteko kooperaziorako deialdiari buruz. Departamentura egindako etengabeko deiek ez dute ezer argitzen eta galderez betetako itsasoak desesperaziora eramaten gaitu, beste behin ere, gure antolaketa plan guztiak blokeatuz.
Gobernuei dagokien lana gauzatzen dugun eskualdeko GKEak babesgabe sentitzen gara. Udal gobernuaren utzikeria errespetu falta iruditzen zaigu. Hiriko edozein kirol elkarte, entitate edo enpresak euren egutegiak prestatzeko duten eskubide berbera dugu. Bidasoa eskualdeko GKEak baliabide mugatuko organizazioak gara eta diru-laguntzak ezinbestekoak ditugu proiektuak garatu ahal izateko. Deialdia urte bukaeran argitaratzeak gure funts propioak aurreratzea dakar, eta horrek beste proiektu batzuk baldintzatu, edota areago, kaltetu ditzake.
Hori guztia dela eta, atzerapenik gabe eta lehen aldiz emandako hitza bete dezan eta 2021eko udaberrirako promestutako deialdia argitara dezala exijitzen diogu Hondarribiko Udalari.