Gutuna: Eskerrik asko Lurraldebus
Aitor Gonzalez Larrartek gutuna idatzi die Lurraldebuseko gidariei. Autobusean bidaiatu ahal izateko jasotako laguntza eskertu nahi die.
“Eskerrik asko Mikel, Javi eta Rocio. Eskerrik asko Lurraldebus-eko langile guztiei azken hilabete hauetan eman didazuen eta ematen jarraitzen ari zareten laguntza guztiarengatik.
Amutetik Hondarribiara eta buelta autobusez ibiltzen hasi naiz. Etxetik autobus geltokira joan eta han autobusa hartzen dut lanera joateko, beste langile askok egiten duten moduan. Nire itsutasunagatik makila eskuan hartuta egiten dut ibilbide hori, ordea. Hori da ezberdintasuna. Eta ezberdintasun horrekin batera hartu beharreko autobusa zein den jakitea eta geltokian geratzeko duen ordua zehatz jakitea garrantzitsua da niretzat.
Horrez gain autobusean sartu eta gidariak adeitsu niri arreta jartzea ezinbestekoa zait konfidantzaz bidaia egiteko. Guzti horretan garrantzitsuak izaten ari dira Lurraldebuseko gidariak, baita bulegoetatik arreta ematen duten langileak ere.
Ikusmenik eduki ez arren, nire kabuz ibiltzeko gai naiz orain. Makila erabiliaz kalean gora eta behera ibiltzen ikasteaz gain nire joan etorrietarako ezinbestekoa da autobusa ibilgailu moduan. Beste askorentzat eguneroko ekintza xumea den arren, guztiek ikasi behar izan dugu uneren batean autobuseko erritmo eta erritualak nola bete: autobus geltoki egokia aukeratu, autobus zenbakia arretaz aztertu, behar den ordutegia bete… Guzti hori egiteko nik laguntza ederra eduki dut Hondarribia eta Irun arteko ibilbidea betetzen duen Auif-Lurraldebus-eko langileengandik.
Eskerrak eman nahi dizkizuet, bada, zuen arreta eta adeitasuna lagungarri direlako niretzat. Segi horrela!”
Aitor Gonzalez Larrarte