GUTUNA: 'Arduratuta dagoen etxez etxeko langile bat'
Kristina Alza Albistur dut izena eta Hondarribian jaio nintzen duela 42 urte. Bizitza osoa hemen pasatu dut, ikasketak, koadrila, kirola… dena. Etxez etxeko laguntzaile moduan ari naiz lanean azken 13 urteetan, eta benetan maite dut nire lana.
Baina arduratua sentitzen naiz geure egoerarekin. Adiskide gehienok 10 urte baina gehiago daramatzagu lanean, eta gure egoera ez da egonkortzen.
Ez daukat hilabeteko nomina finko bat. Honek asko mugatzen nau bizitza lasai bat eramateko orduan. Ezin dut mailegu bat eskatu (ezta garbigailu bat erosteko ere ez), ezin dut babes ofizialeko pisuen zozketan parte hartu ez naizelako minimoetara iristen, ezin dut ziurtatu datozen hilabeteetan pisuko alokairua ordaindu ahalko dudanik: dena lan egiten dudan orduen arabera dago.
Orain, Enpresa Hitzarmen berri bat negoziatzen ari naiz (ELAko ordezkaria naiz) udaleko azpikontratarekin, eta honek esaten digu ezin dizkigula bermatu jardunaldi hobeak, ordurik ez delako kontratatzen. Herritarrek ez dutela zerbitzua kontratatzen, alegia. Eta honen harira ikertzen hasi naiz.
Nere harridurarako, egia da; ez dago ordurik, ez dago erabiltzailerik, ez dago eskaintza eta eskaririk. Zer gertatzen da orduan Hondarribian? Zer gertatzen da Etxez Etxeko laguntzarekin?
21 langile gara Hondarribian, eta guztien artean 65 zerbitzu ematen ditugu. 17.018 biztanle 2019an. Hauetatik 3.774 hurrengo adin tartean; 65-100 urte. Zergatik dago horren zerbitzu gutxi?
Ni eta nire adiskideok, denbora daramagu udalari eskatzen Foru Aldundiaren arautegi berria errespeta dadin. Honek, herritarrei zerbitzu hobea ematea suposatzen du; zerbitzua kontratatzeko tramite errazago bat, zerbitzu eskaintza zabaltzea (ez bakarrik nagusiei, baita ere gaixorik daudenei, zailtasunen bat eduki dezakeen familiaren bati, erabiltzaileei prezioa jaistea….). Azken finean zerbitzu arin eta eraginkor bat edukitzea.
Eta zer egiten du Hondarribiko Udalak? Nahiz eta egia ez dela esaten digun, guk badakigu horrela dela; erabiltzaileak enpresa pribatuetara bideratzen ditu, esanaz merkeagoa eta azkarragoa dela kontratatzeko orduan. Gogorarazi beharrean gaude, merkeagoa izate hori erabat lotuta dagoela zaintzailearen lan baldintza kaskarrekin, askotan esplotaziotik oso gertu daudenak.
Udalak ez ditu bere nagusiak eta gaixoak zaintzen. Bizitza osoan zehar zergak ordaindu ondoren, enpresa pribatuetara bideratzen ditu, beraien zerbitzu propioa elikatu eta duindu beharrean. Modu honetan, zerbitzua hiltzen uzten ari dira.
Horregatik, arduratua nagoelako gure lanaren etorkizunarekin, salatu nahi dut ikusezin bihurtu nahi gaituztela, gure zerbitzua hiltzen uzten ari direla eta honekin batera zaintza beharrean daudenak babesgabe utzi nahi dituztela.
Kristina Alza Albistur, etxez etxeko laguntzailea.