GUTUNA: 'Alardea. Aldundiak eta udalak hasitako elkarrizketa prozesuari buruz'
Orain bi asteko ostegunarekin pasatako legegintzaldiaren azkeneko bozeramaileen bilera egin genuen Hondarribiko udaletxean aldundiko Bizikidetza arloko arduradun izandako Maribel Vaqueroren parte hartzearekin. Bertan, bai Vaquero andereak, bai alkateak, alardearekin sortutako tentsioei konponbide bat bilatzeko elkarrizketa prozesuak norabide aldaketa bat izango duela adierazi ziguten, orain arteko elkarrizketatzaileari, Iñigo Retolazari kontratua bukatu egin zitzaiola eta berak hasitako bideari etena emango zitzaiola, arrazoituz ez zuela lortu behar beste konfiantza Alarde Fundazioko (AF) partaideen artean.
Lehenik eta behin, gure esker ona publikoki azaldu nahi diegu bai Maribel Vaquerori bere konpromisoa mantentzeagatik, eta baita Iñigo Retolazari ere erakutsitako profesionaltasun eta borondateagatik Alardearen aferari irtenbide bat bilatzerakoan.
Bigarrenik, argi utzi nahi dugu ez dugula hartutako erabakia konpartitzen. Hasieratik bai aldundiak, bai udaleko alderdi politiko guztiek oso argiki marraztutako bide-orri bat onartu genuen, lehenengo aldiz herriari hitza ematea ere bilatzen zuena, ez bakarrik Jaizkibeli edo AFri, zeren ez dugu ahaztu behar Alardea hondarribiar guztiona dela. Orain, bide honek lehenengo fase bat bukatu besterik egin ez duenean, eta ibilbide luzea aurretik edukita, bertan behera uztea eta beste bide batzuetatik saiatzea erabaki dute bai aldundiak, bai udalak.
Erabaki honen zergatiak asetu ez, eta Hondarribiko EH Bildutik irakurketa propioa plazaratu nahi dugu, jendeak informazio osoago bat eduki dezan. Gure iritzirako, Hondarribiko botere faktikoen presioei men egin zaie, elkarrizketak emandako emaitzak Alarde Fundazioaren gustukoak ez zirelako, gure gizartean oso oinarrian dagoen desoreka, asimetria bat agerian jarriz, hau da: batzuen sentsibilitatea beste batzuena baino kontuan hartzekoagoa da.
Hala eta guztiz ere, ez gara gu elkarrizketarekin jarraitu behar ez denik esango dugunak, eta prozesuak beste bide batzuetatik aurrera egiten badu arazoari irtenbide negoziatu eta alde guztientzat onargarri bat bilatzerakoan, ongi etorria, nahiz eta datorren fasean, herritarrek osatzen zuten hirugarren lerro hori ez egotearena gustatu ez.
Berdintasun eta eskubide arazo honek herritar guztioi eragiten digu, eta bakarrik elkarrizketa arrazional eta lasaitik bila dakioke irtenbide bat alde guztiontzat onargarria dena.
Carlos Gebara Urkiola. Hondarribiko EH Bilduren izenean.