Gaztea zinen, eta zer?
Beñat Muguruzaren zutabea
Beti iruditu zait gehiegizkoa gazteon biktimismoa, gazte izate hutsagatik gizarteak zeinen gaizki tratatzen gaituen kexaka beti: gazteon kriminalizazioa, gure erabakiak hartzeko zailtasuna, ez digutela helduei bezala begiratzen, eta abar. Halakoa izan da sumindura, ezen Bittor Aiapek Gaztea naiz, eta zer!! disko antologikoa kaleratu behar izan baitzuen, harridura ikur pare eta guzti. 20 urte betetzen ditu aurten, baina arrasto handia utzi zuen. Ez alferrik, Irungo Lakaxita Gaztetxean jarri zuen DJ entzutetsu batek duela aste batzuk. 14-15 urte zituen Aiapek orduan, eta ordurako pairatzen zituen gazte izatearen komeriak. Nik honakoa pentsatu izan dut beti nire baitan, «lasai, Bittor, gaztea zara eta kitto; ez da ezer gertatzen». Baina bai, gertatzen da zerbait.
Duela gutxi kaleratu dute oihartzun handiko ikerketa bat, esaten duena 15-29 urteko gazteen herenak begi onez ikusten duela bikotekidea kontrolatzea. Atzerakoiak gara, inseguruak, sexistak. Zeinen eredua jarraitzen ote dugu? Beste bat: 30 urte ondo pasata bete arte ez gara etxetik joaten; guraso asko seme-alaba bizkarroiekin gustura ez baleude bezala. Ama andana are pozez txoratzen, esango nuke. Edo: ez dugu batere irakurtzen (iritzi emaile modernoenek baietz diote, etengabe ari garela irakurtzen, sare sozialetan, eta abar), inoiz baino eskaintza zabalagoa izan arren. Politika: ez zaigu interesatzen, eta arduragabekeriaz jokatzen dugu guri zuzenean eragiten gaituzten erabaki garrantzitsuekiko.
Hizkuntza kontuetan ere gaztea izan ohi da lehen pagaburua. Gure aurreko belaunaldiak alimaleko ahalegina egin zuen euskara ikasteko edota alfabetatzeko, baina guk, D ereduko neska-mutilok, dena emanda izan arren, esku-eskura utzi diguten arren, ez dugu parada probesten, eta erdarara jotzen dugu lotsagabe. Askotan itxaropenez begiratzen gaituzte, etorkizunean giltza guk izango dugulakoan. Ez da estrategia txarra, neroni ere hasia naiz horrela pentsatzen ni baino gazteagoak direnekin. Jakina, ez da euskarari esklusiboki gertatzen zaion zerbait; irakurri izan dut Irlandan ere espektatiba handiak dituztela gazteekin. Eskoletan irlandera apur bat irakasten diete, beraz ez legoke motiborik pentsatzeko etorkizunean ez dutela hizkuntza hau egunerokotasunean erabiliko.
Eta abar luzeegi bat.
Enpin, larrua behar da, gero, historiako belaunaldi prestatuena —edo, besterik gabe, titulatuena; curriculum puztuenduna— hain arin kritikatzeko. Bittor Aiape gaztea zen, eta zer: 14 urterekin bazekien nik 27rekin ikasi dudana.