Garbantzo beltza
Arabiar hitzak, jatorriz Arabiako biztanleak izendatzen zituen terminoak, egun hizkuntza hau erabiltzen duten herriei egiten die erreferentzia eta ez du, hortaz, inongo kutsu erlijiosorik. Musulman da erabili beharko genukeen hitza Mahoma profetak VI. mendean sortu zuen erlijioaren jarraitzaileak aipatzeko orduan. Islamiarra, erlijio honekin zerikusia duten gauzekin erabiltzen da, adibidez, arte islamiarra. Gaztelerazko moro hitzak, euskarazko […]
Arabiar hitzak, jatorriz Arabiako biztanleak izendatzen zituen terminoak, egun hizkuntza hau erabiltzen duten herriei egiten die erreferentzia eta ez du, hortaz, inongo kutsu erlijiosorik. Musulman da erabili beharko genukeen hitza Mahoma profetak VI. mendean sortu zuen erlijioaren jarraitzaileak aipatzeko orduan. Islamiarra, erlijio honekin zerikusia duten gauzekin erabiltzen da, adibidez, arte islamiarra. Gaztelerazko moro hitzak, euskarazko mairu, konnotazio negatiboz josia, Afrika ipar-mendebaldeko biztanleak barne hartuko lituzke, hau da, Tunisia, Aljeria, Maroko, Sahara eta Mauritaniako jendea.
Gauzak horrela, eta Internetetik ateratako adibide batzuk hona ekarriz, Iran ez da lurralde arabiarra, persiarra baizik, bertako biztanleak musulmanak izan arren; Libano, Palestina edo Egipton bizi den jendearen artean badaude arabiarrak izanda ere musulmanak ez direnak, beste erlijioen jarraitzaile direlako; Turkiarren gehiengoa, bestetik, musulmana izanda ere, ez da arabiarra.
Termino hauek guztiak zaku berean sartzen ditugu sarri, ahaztu ezin dugun beste batekin batera: jihadismoa. Baina garbantzu zakuekin gertatu ohi den bezala, gogorra eta jangaitza den bat edo bat topatzeak ez du esan nahi guztiak zakarretara bota behar ditugunik. Hala ere, txitxirio saltsa ederrak antolatzen dira kalean entzun daitezkeen elkarrizketetan. Musulmana berdin arabiarra berdin mairua berdin jihadista berdin Estatu Islamiarra. Ondorioa: musulman orok, hau da, arabiarrez hitz egiten duten mairu guztiek, begi onez ikusten du Estatu Islamiarrak Alaren izenean atzerritarrei lepoa moztea edo homosexualak eraikinetatik behera botatzea.
Artikulua idazteko ideia bila nenbilela Guardia Zibilaren twit bateraino iritsi naiz: denok lagun dezakegu terrorismo yihadista ekiditeko orduan. 1936ko Gerran bizilaguna gorria zelako agintarien aurrean inongo frogarik gabe salatzen zeneko garaiak etorri zaizkit burura, McCarthyren sorgin ehiza. Izan ere, nola eskatu halakorik hauteskundeen gertutasunak eta hedabideek sortutako histeria kolektiboak garbantzu batzuk besteetatik ezberdintzeko zailtasunak sorrarazi dizkieten biztanleei?
Duela aste pare bat Ceutako El Principe auzo famatuko —jihadisten haztegi omen delako— mutil bati egindako elkarrizketa ikusi nuen telebistan. Honen arreba poliziak eraman berri zuen, Gerra Santua egitera joateko hegazkin bat hartzera zihoala egotzita, auzo bereko beste hainbat bizilagunekin batera. Mutil honek esandako esaldi batek nire arreta piztu zuen: «Zuek, hedabideok, atxiloketak albiste bihurtzen dituzue, baina gero ez duzue kontatzen egun gutxi batzuk igaro ondoren kargurik gabe askatzen dituztenean». Berdina esaten zigun Madrilen ikasten zuen lagun batek Euskal Herriko nondik norakoen inguruan. Atxiloketak albiste ziren, baina hor amaitzen ziren istorioak.
Ezezaguna zaigunaren aurrean beldurra izatea ohikoa da, baina baita arriskutsua ere. Desinformazioa da jarrera honen elikagai nagusia, ezagutza gabezia. Ez dezagun mundua lubaki gerra bihurtu, ni bezala pentsatzen dutenak, batetik, sinesmen edo ideia ezberdinak dituztenak, bestetik.
Estatu Islamiarreko kideek Mosuleko museoan burututako sarraskia, ezezagunarekiko ezjakintasunak dakarren ondorioen eredu garbia da.