Ez TAO aukera hoberik
TAO, edo OTA, euskaldun gehienok ere darabilgun bezala. Bilboko Udaleko kanpaina batetik hartu dut hitz-jokoa, nire erara moldatuta. Sekulako hitz-jokoa iruditu zitzaidan lehenengoz irakurri nuenean. Euskal publizitatean doktoretza bukatu berri duen Estitxu Garaik, ordea, ezetz. Xede taldea dela garrantzitsuena esloganetan, eta bilbotarrek ez omen lukete ulertuko gipuzkoar ukituko esaldia. Enpin. Ezinbesteko sarrera hori eta gero, […]
TAO, edo OTA, euskaldun gehienok ere darabilgun bezala. Bilboko Udaleko kanpaina batetik hartu dut hitz-jokoa, nire erara moldatuta. Sekulako hitz-jokoa iruditu zitzaidan lehenengoz irakurri nuenean. Euskal publizitatean doktoretza bukatu berri duen Estitxu Garaik, ordea, ezetz. Xede taldea dela garrantzitsuena esloganetan, eta bilbotarrek ez omen lukete ulertuko gipuzkoar ukituko esaldia. Enpin.
Ezinbesteko sarrera hori eta gero, noan harira. Irundar asko kexu da TAO guneak zabaldu direlako Alde Zaharrean, Dunboan eta inguruetan. Ezkertiar zein eskuindarrek ezkerra eta eskuina lausotzen ari direla dioten honetan, pentsatu beharko genuke Santanoren taldeak hartutako erabakia aurrerakoia denentz. Oker ez banago, Jon Sarasuak Hiztunpolisa liburuan honakoa dio, norabide batzuk argi direla ezkertiarrak, baina beste batzuekin zalantza egiten dugula, ez baikaude seguru. Adibidez, garraio publikoaren prezioa mantendu edo pixka bat igotzea eta autobideak gipuzkoarrentzat ia doako egitea, hori zer da? Niretzako erditik eskuinerago dago, printzipioz. TAOaren kontua ezkerrerago kokatzen dut nik, esaterako. Hiri barruan autoa erabiltzea zigortzen du eta, batek daki, agian garraio publikoa sustatu ere bai. Auzoko bizilagunei ez bezala, dendei ez omen diete urte osorako txartela lortzea ahalbidetuko, eta kexu entzun zuen lagun batek dendari bat:
Hemendik aurrera egunero Landetxatik autobusez etortzen hasi beharko dut!». Aizu, ba gaitz erdi.
Itzalak ere ikusten dizkiot TAOaren hedapenari, noski. Pasa den hilean aipatu nuen gure udalaren merkataritza-eredu amerikartuak kotxea hartzera bultzatzen gaituela, doako aparkaleku andana duten aldirietako zentro komertzialetan gurdi bete erosketa egiteko, herriko merkataritza sustatzeko kanpaina onbera oro hutsalduz. Denda txikiak are gehiago ahuldu ditzake neurri honek.
Duela egun batzuk, mertzeria batean nengoela, kexuka dendaria, arrazoi osoz, bezeroaren elkartasuna probestuz; ez dagoela eskubiderik, ez dela bidezkoa dendarientzat, eta abar. Halako batean, irri artean, manifestazioa antolatu behar zutela dendari guztiek. Ezker abertzalekoek bezala, edo 15M mugimendukoek egiten duten modura. Azken esaldia nire pentsamenduetatik hartutakoa da, ez zuen berak esan, baina mezua, laburbilduz, honako hau zen: «Imajinatzen? Kar, kar!». Imajinatzen, zure gremiokoekin elkartzea, zuen eskubideak defendatzeko? Barregarria da, bai. Bada, hori, Mugi txartela estankoetan eskatu dezakezu, autobusean diru apur bat aurrezte aldera.