Ez epaitu, behatu
ANTXETATIK
Ez dakit zergatik, baina zerbaitek esaten dit honekin guztiarekin baten bat gozatzen ari dela, eta aldi berean, bistan da, bere poltsikoa betetzen. Ez dakit nor den, ez dut ezagutzen, eta gogorik ere ez!
Bere mansioko bulego handi batean irudikatzen dut eta gizona dela iruditzen zait. Azal zurikoa, eta begi argiduna.
Epidemia, koronabirus, konfinamendu, soldadu, gerra, lehen lerroa.. eta halako hitz guztiek amorrua sortzen dute jada nire barruan. Nazka ere bai. Haserrea. Manipulatua sentitzen naiz, libre baina gatibu. Txotxongilo nahi gaituzte.
Sistemaren gatibu. Han eta hemen irakurri ahal izan dugun gisan, saguzar bat omen da honen guztiaren erantzule.
Zergatik behar dugu, ordea, errudun bat? Zergatik eraman gaituzte edo bilakatu gaituzte horrelako? Neu al naiz, delako gizon zuri hori honen sortzaile dela pentsatzen duen bakarra? Ez, badakit ezetz.
Etxean egoteko esan zaigu eta hala gaude. Egoerari ahalik eta alde baikorrena ateratzen saiatzen. Batzuk ERTE egoeran daude orain, beste batzuok telelana egiten saiatzen ari gara (eta ez, ez da uste bezain erraza, badakizu ezta?).
Baina badira asko aspertzen direnak, eta kalean inor ikusten badute, sakelakoa atera eta X arrazoiengatik kalean dagoen hori grabatu eta sare sozialetan haren irudia inolako arazorik gabe publikatzen dutenak. Nahikoa polizia ez, eta hauxe bakarrik falta zitzaigun.
Agian kalean dagoen hori norbait zaintzera doa, edo lanera, edo zinez itotzen ari zen etxean eta hatsa behar-beharrezkoa du. «Ez epaitu, behatu», esaten du lagun batek. Has gaitezen, beraz, hori guztia aplikatzen gure bizilagunekin, lankideekin, edo hurbilekoekin.
Hori bai, nigatik, bere bulegoan irudikatzen dudan beste hura, epai dezagun eta gogor. Ez dezagun lurpera, bestela amalurra are gehiago izorratuko du.
Irauli dezagun, beraz. Bilaka dezagun maitekor, betaurreko anizdun eta jator. Eraldaketan sinesten badugu, hauxe baita unea!