Ez dakit hitz egokia ote den ‘pena’
ANTXETATIK
Zutitu, semea hartu eta ateratzeko gogoa sartu zitzaidan. Txotxongiloak espero baikenituen oholtzan, eta ez, nola ahala euskaraz hitz egiten zuten bi gizon, ustez gu irriarazteko bakarrizketa eta bertsoetan murgildurik. ‘Pazientzia, pazientzia’, esaten zidan ahots batek. Are gehiago, bakoitzak bost euro ordaindu ostean. Bai, hiru urteko semeak ere ordaindu behar izan zuen. Gutxitan gertatzen da baina tira, elkarte antolatzailea asko estimatzen dut eta pentsatzen dut, udalak oso laguntza ttikia ematen diola Txotxongilo Festibala antolatzeko, beraz, diru hura pagatzeak ez zidan bestelako minik eragin.
Pittaka-pittaka, hastapeneko iruzur sentsazioa baretu, eta nola esan, pena ere eman zidan gizonezko bikoteak. Ez dakit hitz egokia ote den pena. Izan ere, euskarak beste hizkuntzen pare mundu zabalera atera beharra aldarrikatzen ari ziren, emakume, gizon eta pertsona ororen arteko berdintasunaren aldeko mezua zuten ahotan, eta ttikienekiko hurbileko keinuak izan zituzten. Bazuten zerbait. Zerbait berezia. Egurrezko aulki gogorrean, aski eroso sentitzen hasi nintzen, lehen oren erdia pasa ostean. Pena diot, agian gaizki erabilia bada ere, iruditzen baitzitzaidan mezu egokiak helarazten saiatzen ari zirela, aski modu trakets eta desegokian. Borondatea bazuten behintzat. Aski al da ordea?
Adin horretako bi gizon (aski helduak zirelako diot), halako mezuak helarazi asmoz oholtza gainean ikustea polita bada ere, nahikoa al da borondatea ukatearekin? Ez da kalitate minimo bat bermatu behar? Baiezkoan banago ere, erdarakada batekin borobildu dut zutabea, ‘pena merezi’ izan zuen ikuskizuna ikusteak, galdera hauek pausatzeko bada ere.