... eta ez da ezer gertatzen
ANTXETATIK
‘Akatuko zaitut’, ‘nazkagarria zara’, ‘puta galanta zara’… Halako erasoak jasaten dituzte egunero-egunero emakume askok sare sozialetan. Sare sozialak ere, eraldaketarako tresna bezala erabiltzen dituzten emakumeak dira eraso horiek jasaten dituztenak.
Argi dago, batzuek, nahi dutena idatz dezaketela sare sozialetan eta beste batzuok auto-zentsuratu behar izaten dugula gure burua, arazorik ez ukateko.
Pentsatu nahi dut, emakume aktibista hauek salaketak jartzen dituztela. Aldi berean, ‘zertarako?’, pentsatzen dut. Hemen, sare sozialetan behintzat erasotzaile izatea eta eskubideak urratzea, libre da. Ahal da. Hori egin daiteke. Ez baita deus gertatzen. Ondoriorik gabeko gaizkiak dira. Egileak, ez dira gaizkiletzat hartuak. Twitterren bortxaketa bat salatzen duenak, edo bortxaketa baten aurka hitz egiten duenak, “zuk ere halako bat merezi duzu” jaso dezake erantzun bezala. Eta ez behin bakarrik. Eta ez da ezer gertatzen. Hau ere, hori idazte hutsa alegia, indarkeria matxista da!
Berdina gertatzen da eraso homofobo edo arrazistekin. Badakigu. Baina sarearen hodeian gertatzen diren gauza batzuek ez dute ondoriorik. Sarean dena libre da batzuentzat. Eta susmoa dut, hala izaten segituko duela.
Ez luke hala beharko, baina badirudi, egungo sistemak orain arte bezala segitu dezan, batzuei komeni zaien zerbait dela indarkeria matxista.
Ez naiz deus berria esaten ari. Baina esan beharra nuen. Sareko munduan libre den hori, gertatzen ari baita. Zer da, denbora falta? Justizia egileak eskas dira sarean egiten diren erasoak ikertzeko?
Kalean egoten diren batzuk, sarera pasatu daitezke, eta hala, benetan lan egin. Izan ere, batzuek denbora libre gehiegi dutela dirudi, Mozal Legea Jaizkibel konpainiako kideei aplikatuz edota euskaldunoi euskaraz hitz egitea galaraziz.
Aitziber Zapirain. Antxeta Irratiko esataria.