Eta aurten zer?
Euskaraldia igaro da eta ez oharkabean. Hondarribian 2.000 pertsona inguruk hartu zuten parte, 220.000 lagunek Euskal Herri osoan. Sekulakoa, dudarik gabe! Hala ere, egongo da horrekin konformatzen ez denik: Euskal Herrian 3.000.000 biztanle izanda —eta Hondarribian 16.000—, kopuruak handiagoa beharko zukeela, edo parte hartu duten askorentzat ‘kosmetika’ hutsa izan dela, hau da, txapa bularrean jarri bai, baina ez dituztela euren hizkuntza ohiturak deus aldatu, eta batzuetan ezta ahaleginik egin ere… Eta baliteke hori diotenek arrazoi punttu bat izatea.
Neuk ere nahiago nukeen jende gehiago animatu izan balitz, eta zer esanik ez, txapa zeramaten guztiek, gehiago edo gutxiago, ekimen honek eskatzen zuen ohitura aldaketa —lehen baino euskara gehiago egitea, alegia— egin izan balute. Baina, tira, izan gaitezen errealistak: nork ikusi du inoiz hainbeste jende mugiarazi duen ekimenik? Eta non ez da gertatzen batzuek itxurak egiteko baino ez ematea izena? Edo asmo onez izena eman, baina egiaren orduan, betiko inertziak aldatzea gehiegizko ahalegina iruditu eta, azkenean, amore ematea? Are gehiago kontuan izanda ez zela une jakin bateko gauza, baizik eta 11 egunekoa 24 orduz, eta euskara bezalako gai batean gainera! Amets Arzallusek ETBko elkarrizketa batean zioen bezala, “orain denak daude euskararen alde, baita bere heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak ere”. Beraz, nik uste hori guztia aurreikus zitekeela.
Oraindik ez dugu daturik eragina zenbatekoa izan den jakiteko, aldaketa eragin duen ikusteko. Demagun: parte hartu dutenen erdiek, itxurakeriagatik edo alferkeriagatik, ez dituztela euren hizkuntza ohiturak aldatu? Oraindik ere euskaldun asko eta asko erdaraz aritzen direla euskaraz baino gehiago? Tira, argi zegoen Euskaraldia ez zela panazea izango; nik behintzat, ez nuen miraririk espero. Baina parte hartu dutenen erdiak, hau da, 100.000 bat lagunek lehen baino euskara gehiago —pixka bat edo askoz gehiago, baina gehiago— egitea lortu bada, ez da gauza makala. Eta hainbeste lagun euren egunerokoan ohitura batzuk aldatzeko gai izan badira, esan nahi du urrats berriak emateko jendea eta borondatea ere ez direla faltako.
Eta, hain zuzen ere, horixe bera proposatzera natorkizu oraingoan, irakurle: urrats berriak. Euskaraldiaren helburua zen gure eguneroko solasaldietan hizkuntza ohiturak aldatzen hastea, baina gaur egungo bizimoduan, jendearekin blagan aritzeaz gain, denbora asko igarotzen dugu hizkuntza beste modu batez erabiltzen: dela irakurtzen, dela bideoak edota telebista ikusten, dela interneten nabigatzen… Eta hizkuntza batek etorkizuna izatea nahi badugu, ekosistema osoa zaindu behar dugu. Hori dela eta, hasiberri den urte honetarako erronka txiki batzuk proposatu nahi dizkizut. Urrats oso eginerrazak: Euskaraldian hizkuntza ohiturak aldatzea lortu duzun horietako bat zarela? Orduan hau ez da ezer izango zuretzat; ohitura aldatzea lortu ez duzun horietako bat zarela? Lasai, proposatzen dizudana askoz errazagoa egingo zaizu eta, ikusiko duzu. Hona hemen datozen hilabeteetarako erronkatxoen proposamena:
Otsailean: Negu giroa probestuz 2019 urtean irakurtzeko euskarazko liburu bat har ezazu. Bai, liburu bat eta bakarra, eta urte osoa izango duzu irakurtzeko; erraza, ezta? Hori bai, ez aukeratu ikusten duzun lehen liburua, euskaraz delako soilik. Urtero 2.000 liburu inguru argitaratzen dira euskaraz; beraz, baduzu non aukeratu eta ziur zure gustuekin bat datorren libururen bat aurkituko duzula.
Martxoan: Liburuarekin egin bezala, ezagut ezazu euskal musika talde edo abeslari bat. Talde asko eta estilo askotarikoak daude gaur egun, eta nondik hasi ez badakizu, Badok.eus webgunea oso tresna erabilgarria da musika talde berriak ezagutzeko. Ah, eta MusikaZuzenean.com web orrian kontzertuen agenda ederra aurkitu ahal izango duzu!
Apirilean: Anima zaitez noizean behin euskarazko prentsa irakurtzera. Zuk ikusi nola: egunkaria egunero erosten duen horietakoa bazara, Berria eros zenezake larunbat edo igandeetan (asteburuetako aleak interesgarriagoak izaten baitira); edo albisteak internetez irakurtzen dituenetakoa bazara, hainbat egunkariren web orrietan sartzen zaren bezala, euskarazkoetan ere sar zintezke tarteka (Berria, Argia, Sustatu, Zuzeu, Hitza… aukera zabala duzu sarean). Gainera, horietako batzuek mugikorrerako aplikazioak dituzte, erosoago sar zaitezen.
Maiatzean: Joan zaitez euskarazko antzerki, film, solasaldi edota hitzaldi bat ikustera/entzutera (zuk nahiago duzuna). Ziur badagoela zure interesekoa izan daitekeen zerbait 2019 urte osoan zehar.
Ekainean: Jar itzazu zure euskarri digitalak (ordenagailua, tableta, mugikorra…) eta euren aplikazioak euskaraz. Momentutxo bat baino ez da, eta pentsa litekeena baino garrantzitsuagoa. Hona zerrenda amaigabe bat: Windows, Linux, Word Office, Libre Office, Firefox, Chrome, Explorer (orain Edge ere deitua), Gmail, Hotmail (orain Outlook ere deitua), Google, Wikipedia, Youtube, Facebook, Twitter, Laboral Kutxa, Kutxabank…
Ez dira erronka batere zailak, ezta? Tira, ez dira erronkak ere, erronkatxoak, asko jota.
Eta esango duzu: ‘Eta gainerako hilabeteetan zer?’. Bada, ziur ez dituzula erronkatxo guztiak bete, ia beti egiten baitugu huts batean edo bestean. Bada, orain urte erdia baino gehiago izango duzu horiek betetzen hasteko. Eta guztiak bete badituzu? Bada, zorionak! Orain urte erdia izango duzu euskarazko beste liburu bat irakurtzeko; beste antzerki, film, kontzertu, hitzaldi edo dena delakora joateko; zure intereseko (euskarazko) webgune berriak ezagutzeko; lagun edota senide batzuekin euskaraz egiten hasteko…
Gauza da, azkarrago edo mantsoago, baina jarrai dezala euskararen gurpilak biraka. Eta lortuko bagenu, Euskaraldian bezala, 100.000 euskaldunek eta 1.000 hondarribiarrek 2019an urrats txiki horiek ematea, zalantzarik ez izan, aldea nabarituko litzateke. Hortaz, animo eta bizi euskaraz pozik eta alai!
Eneko Oiartzabal Gerriko, Hondarribiko Blagan Euskara Elkarteko kidea.