Erezen barrena
«Nire izena Fatma da, 28 urte ditut, eta bularreko minbizia dut duela urte eta erditik. Gaitzaren laugarren estadioan nago orain, eta kantzerra bizkarrezurrera hedatu zait. Bi kimioterapia sesio jaso ditut azken bi asteetan, eta nire aurreneko tratamenduaren ondoren mastektomia egin zidaten. Kirurgia Israelen egin zidaten, Tel Hashomer ospitalean».
«Sei astetan sei kimioterapia sesio jaso eta berehala egin nahi izan zidaten kirurgia. Horretarako, Israelen sartzeko baimena eskatu nuen. Erantzuna, baiezkoa ala ezezkoa, irteera egunaren bezperan baino ez dugu jasotzen gaixook. Irteera-baimena hamalau ordukoa da, goizeko 05:00etan hasita, nahiz eta inork ezin duen Israelerako Erezeko pasabidea 08:00ak baino lehen igaro! Nik neuk ez nuen identifikazio txartelik, eta bezperako gauerdira arte itxaron behar izan nuen baimenak bideratzen dituen Ahmad Abu Razaren erantzuna jasotzeko. Batzuetan ez dut inolako erantzunik jasotzen irteera eguneko 06:00ak, 09:00ak, ala 10:30era arte».
«Tumorea erauzteko kirurgiaren egunean bertan, goizeko 10:30era arte itxaron behar izan nuen irteera baimena jasotzeko. Erezeko pasabidera joan nintzen ziztu bizian, 11:20rako bertan nintzen. Kontrola igarotzeko dokumentazio guztia entregatu nuen, eta denbora luzez itxaron ondoren jakinarazi zidaten nire irteera ez zela baimendua izan. ‘Itzul zaitez atzera’, esan zidaten. Zementuzko gelaska batean zegoen soldadu batengana inguratu nintzen, nire egoeraren larritasuna azaldu nahian. Esan nion ziur nintzela nire baimena ongi bideratu nuela. Ez zidan kasurik egin. Zementuzko gelaskatik irten zen, eta ‘Itzul zaitez! Ospa! Orain!’ oihukatu zidan».
«Eguerdiko 12:00ak ziren. Etxerako bidean nintzen jadanik pasabideko alde palestinarretik jakinarazi zidatenean nire baimena prest zegoela. Oraingoan baietz. Erezera itzuli nintzen berehala. 12:20 zen. Soldadu israeldarrei nire dokumentazioa eman nien, eta itxoitea tokatu zitzaidan. Itxoin, itxoin, eta itxoin, arratsaldeko 18:20ra arte. Banekien nire baimena arratsaldeko 19:00etan iraungitzen zela, ordu erdi eskas baino ez nuen irteteko! Zain nengoen bitartean soldadu bat inguratzen zitzaidan, behin eta berriz, galdetuaz ‘Nahi al duzu dokumentuak bueltan jaso eta etxera itzuli?’. Ezezkoa eman nion, behin eta berriro, nire osasun-egoeragatik ezin nuelako beste astebete itxaron Israelen sartu eta kirurgia egin gabe».
«Ilundu zuen Israelen sartu nintzenerako. Jainkoari eskerrak, auto bat aurkitu nuen ospitalera eraman ninduena. Tel Hashomer ospitalera ilunabarreko 20:30ean iritsi nintzen. Harreran ez nuen mediku taldeko inor aurkitu. Han-hemen bilatu eta galdetu ondoren, larrialdi zerbitzuetara jo nuen. Bertan ordubete eman nuen, nire eskaera onartu zain. Onkologia departamentura eraman ninduten orduan. Gaueko 22:00ak ziren burua kuxin batean jarri eta lo hartu ahal izan nuenerako».
Fatma Bargouth gazatarraren istorioa da aurrekoa, 2004an Physicians For Human Rights GKEari kontatu zion gisan. Aurretik kasik sei hilabete eman zituen Gazako ospitaleetan eta klinika pribatuetan barrena bularrean nabaritu zituen konkorren diagnostiko zuzenaren bila. ‘Ongi zaude, ez zaitut hemen ikusi nahi urtebetean gutxienez’, ‘Sostena estuegi eramateak eragin dizkizu konkorrak’, eta ‘Ezkondu eta umeak edukitzeak mesede egingo dizu’ entzun behar izan zuen mediku gazatarren ahotik. Behin minbizia diagnostikatu ziotelarik, huts egin zuen Tel Hashomer ospitalean tratamendua jasotzeko hainbat hitzordura, Israelen irteera-baimenik ez jasotzeagatik eta segurtasun-kontroletako atzerapenengatik. Orduak eman zituen Fatmak Erezeko pasabidean, lurrean etzanda, zutik egoteko ahulegi. Pasabidera zeraman anbulantzia tirokatu ere egin zuten soldadu israeldarrek behin. Urte bereko Eguberri bezperan hil zen Fatma.
Duela ia 20 urteko kontuak ekarri dizkizuet hona, baina egoera ez da zuzendu geroztik Gazako minbizi gaixoentzat. Are, okertu egin da 2007tik Israelek Egiptoren laguntzarekin Gazarengan mantentzen duen blokeoa tarteko. 2021eko datuen arabera, bularreko minbizia duten emakumeen bost urterako biziraupen tasa %86koa da Israelgo emakumeentzat. Tasa hori bera %40koa da emakume gazatarren artean. Fatmarena estatistika horietan galtzen den istorioetako bat da. Halako gehiagoren berri Beatriz Lekunberri iruindarraren eta Ana Alba zenaren Condenadas en Gaza gaztelaniazko dokumentalean.