Eman
Aranaztar batek aspaldi, lagunarte maskulinoan zela, harro bota omen zuen herritik Valentziarako bidea ordu erdi eskasean egin zuela, autoz. Adiskideengandik trufa eta adarjotzea etorri zitzaizkion bueltan, denbora tarte horretan Igantziko Bentetara iristen nahiko lan bazutelako, akaso. Baina bere balentria defendatzen tematu zen Bortzirietako Fittipaldi hura, zin eginaz baietz, egina zuela Valentziarakoa ordu erdian, «baina emanda …».
Hondarribitik Erratzura, Bidasoaren bazterretan jaiotako gizonezkook bolantean jasaten dugun metamorfosia beste zutabe baterako gaia izango da. Berdin Nafarroa iparraldeko herri txikietan hain errotuta dagoen errealismo magiko hori. Magikotik gutxi duen errealitatea da, ordea, koronabirusaren aurkako txertoen nazioarteko banaketak agerian uzten diguna.
Iazko udaberrian arnasgailu eta musukoekin gertatu bezala, berriz ere argi ari baitzaigu gelditzen, euro eta dolarretan, noren osasunak eta bizitzak balio duen norenak baino gehiago. Hainbat herrialde aberatsek euren biztanleria bost aldiz txertatzeko adina kontratu itxi dituzte. Bien bitartean, herrialde behartsu askok Munduko Osasun Erakundearen COVAX programaren low cost txertoen zain egon beharko dute.
Herrialde pobre horietako biztanleriaren %20 txertatzea du helburu COVAXek eta, hau bai mundu ederra, txertoen merkatua lehertu dugun herrialde aberatsok finantzatzen dugu programa hori, hein batean. Egin kontu, hortaz, 2021ean Lehen Munduko biztanleria guztia txertatzea espero den arren, COVAXen proiekzioek 2024raino atzeratzen dutela herrialde txiroenen txertaketa.
Dosien nazioarteko trapitxeoak osasun-diplomazia maltzur baten sorrera ere ekarri du. Hala, Beijingek Erdogani Synovac konpainia txinatarraren txertoak prezio merkean eskaini omen dizkio, baina Turkian bizi diren uigureen estradizioaren truke, eta Xinjiango aferan Ankarak isiltasuna gordetzearen promespean. Espainiako gobernuburu galiziar hark esan zuen gisan, elkartasuna oso ongi baitago, baina ez musu-truk.
Israel dugu lasterketa geurekoi honen buru. Ez alferrik, zutabe hau idazten ari naizen honetan jadanik 40 urtetik beherako jendea ari dira txertatzen. Esango nuke txertaketa kanpainak Israelen daraman ziztuak baduela zerikusia, besteak beste, datorren martxoaren 26an hauteskundeak ospatzearekin.
Eta hau diot igandero-igandero hartzen dutelako lur txertoz kargatutako hegazkinek Tel Aviveko aireportuan, eta igandero-igandero gerturatzen delako lur-hartze pistara Netanyahu lehen ministroa, iritsi berri diren kargamenduekin argazkia egitera.
Bestela dira kontuak palestinarrentzat. Ramallako eta Gazako jauntxoen menpe bizi direnei COVAX programaren zain egotea gelditzen zaie, oraingoz. Israelen zuzeneko okupaziopean direnei, aldiz, enegarrenez ezarri zaie estandar bikoitzaren logika arrazista. Izan ere, Zisjordania okupatuan bizi diren kolonoak txertoa jasotzen ari diren bitartean, inolako lotsarik gabe uzten dituzte bazter pareko mendi magalean bizi diren bizilagun palestinarrak.
Ez nuke apustu egingo aranaztar hura Valentziara ordu erdian iritsi zen ala ez, batek jakin azeleragailuari zenbat eman zalea zen. Baina bai martxoaren 26rako Israelgo hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea duen oro txertatuta egongo dela. Eta, marketin kanpaina aski kalkulatu baten eskutik, baita ere palestinarrek txerto asko Israelen soberakinetatik jasoko dituztela azkenean. Bistan denez, ordea, dosiak ez zaizkie debalde etorriko. Zer entzun beharko baitute txerto horiek bakearen eta elkarbizitzaren izenean datozela, nork eta azken 72 urteak ozpindu dizkien borreroak emanda.