Eguberriaz eta urte berriaz
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Eguberri garaia xelebre joan ohi da Lur Sainduan. Abenduaren 24aren eta 25aren bueltan zalaparta izaten da Betleemgo Natibitatearen Elizaren inguruan, ea nork ospatuko Jesusen jaiotza loria eta debozio handiagoz. Baina, Mesiasaren bizitzaren beste hainbat pasarterekin gertatzen den bezala, bada aldarrikatzen duenik Salbatzailea ez zela, egiaz, han munduratu. Bertsio ez-ofizialaren arabera Jainkoaren Semea ez omen zen sortu Jerusalem ondoko Betleemen, baizik eta 100 bat kilometro iparraldera, Nazaretetik gertu dagoen Galileako Betleem herrixkan. Bestela ere fedez soberan ez dabilenak izaten du nahikoa lan liturgia bakoitzerako A ala B bertsioa aukeratzen.
Xelebre, eta luze ere joaten dira Eguberriak Jerusalemen. Izan ere, mendebaldeko kristauek Gabonak Hiru Errege Magoen bisitarekin amaitzen dituzten arren, ekialdeko kristau ortodoxoek urtarrilaren 7an ospatzen dute Eguberriaren hasiera. Hala, luzaroan, abendu hasieratik urtarril bukaeraraino izaten dira piztuta Gabonetako argiak Hiri Zaharreko auzo kristauetan, Vigoko eta gure herrietako zenbait alkateren inbidiarako.
Espero genezake Hiri Santuko kristau komunitateak ados liratekeela, gutxienez, Jesusen jaiotzaren 2020. urteurrena ospatzearekin. Alabaina, kristau armeniarrek 1469 urterako sarrera ospatu dute iragan urtarrilaren 1ean. Kristau koptoak, aldiz, 1736an sartu ziren iazko irailaren 11n, kristau etiopiarrek 2012rakoa zelebratu zuten egun berean, hain zuzen ere. Gurutzean sinesten dutenez harat, musulmanak 1441ean daude iazko abuztuaz geroztik, eta juduek 5780. urteari eman zioten ongietorria pasa den urrian.
Egutegien eta erritualen nahas-mahasa honetan, baina, egutegi bakar baten arabera antolatzen da egunerokotasuna Jerusalemen. Egutegi bakar horrek erabakitzen du zein egunetan dabilen garraio publikoa eta zeinetan ez, zein egun den ofizialki opor eta zein ez, zein opor den zilegi eta zein ez hainbeste. Ez kasualki, atzetik boterea eta armada dituen egutegia da gainontzekoengan inposatzen dena. Eta horrek narama pentsatzera ea gurean zein egun diren jai, eta nork aukeratu dituen jaiegun horiek eta zergatik, zeinak pixka bat deseroso sentiarazten nauen. Agian konturatzeagatik kultura minorizatua izatearen trauma oso presente dugunok ere izan gaitezkeela, gure neurrian, kulturalki zapaldu eta kulturalki zapaltzaile.
Deskuiduan eskailerako bizilagun txinatarrekin suertatuz gero, jakin datorren urtarrilaren 25ean ospatuko dutela 4718. urte berria, Arratoiaren Urtea izango dena. Gure herentzia kristauaren xelebrekerietara txintik atera gabe egokitzen diren horiek agian eskertuko digute euren urte berrirako zorion keinurik.
Eta gainontzekoei, batzuen mendea eta besteen segundoa gurutzatzen diren leku honetatik, urte berri on!