Egiten duguna gara
Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, bersortu eta ahalduntzeko. Lorea Agirrek idatzitako hitz eder hauekin amaitu zen aurtengo Korrika Bilbon. Korrika pasatu zen. Gure eskualdea zeharkatu zuen eta Hondarribiko kaleak ere korrikalariz bete ziren. Goizeko seietan, euria gogoz bota zuen […]
The post Egiten duguna gara appeared first on Oarsobidasoko Hitza.
Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Eta nor izatea, herri hau euskaraz eta euskaratik arnas berriz sortu, bersortu eta ahalduntzeko.
Lorea Agirrek idatzitako hitz eder hauekin amaitu zen aurtengo Korrika Bilbon. Korrika pasatu zen. Gure eskualdea zeharkatu zuen eta Hondarribiko kaleak ere korrikalariz bete ziren. Goizeko seietan, euria gogoz bota zuen arren, jende ugari atera zen «hemen gaude euskararen alde» adieraztera. Baina pasatu zen. Korrika pasatu zen eta denon artean pilatutako eta zabaldutako indarra ekiteko, sortzeko eta birsortzeko erabili beharko genuke egunerokotasunaren lastertasunean desagertu baino lehen.
Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Sortu. Eman eta hartu. Parte hartu. Partekatu. Leku hartu leku eginez. Atea irekiz, aulkia eskainiz.
Hondarribian euskarari ate berri bat irekitzeko datozen asteetan dinamika berri bat garatuko da eta, oraingo honetan, horren berri zabaltzeko lerro hauek erabiliko ditut. Herriko hainbat pertsona elkartu gara Hondarribia euskaldunagoa nahi dugulako; herrian euskarari buruz hitz egiteko gogoak elkartzen gaitu eta lehen urratsak emateko parte hartze dinamika bat antolatu dugu. Hondarribian (kalean, lagunartean, familian, eskolan, kirolean…) euskararen inguruan dauden iritzi, zalantza, uste eta proposamenak jaso eta haien inguruan hausnartu nahi dugu, aulkia eskainiz parte hartu nahi duen orori.
Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Nor garen galdetzeari utzi eta nor izatera jauzi egitea da kontua. Nor gara? Bagara nor.
Azken aldian Hondarribian euskara gutxixko entzuten dela iruditzen zaizu? Euskara eta hondarbitar hizkera herriko kaleetan gehiago entzutea gustatuko litzaizuke? Gauza berriak proposatzeko garaia dela uste al duzu? Erantzuna baiezkoa bada maiatzaren 15ean eta 29ean eta ekainaren 12ean egingo den parte hartze prozesuan aulki bat zain duzu. Zure hondar alea garrantzitsua delako marraztu nahi den ibi berrirako. Jauzi egiteko unea delako.
Euskararena ez da norbanakoaren kontua, nirea, zurea, beste harena. Euskararena hiztunon auzia da, herritar guztion auzia da. Plazan eta euskaraz harilkatzen da elkarbizitza, bizikidetza.
Hiru egunetan zehar kezkak partekatu eta adostuko dira. Hondarribian hamar urte barru euskara nola irudikatzen den ikusiko da. Lehentasunezko lan ildo eta ekintza zehatz batzuk identifikatuko dira eta irudikatutako ekintzak gauzatzeko antolaketa zehaztuko da. Izan ere…
…auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Izatea ekitea da. Egiten duguna gara.
The post Egiten duguna gara appeared first on Oarsobidasoko Hitza.