Desberdinak
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Ezinegona eragin didate iragan berri diren hauteskunde espainiarren harira iritsi zaizkidan zenbait hausnarketek. Han-hemenka argitaratu dira hauteskunde mapak, eskuin muturrak eskualde bakoitzean izandako babesaren arabera koloreztatuak. Bistan denez, zulo galanta erakusten dute mapa horiek Katalunian, Galizian eta Hego Euskal Herrian, eta horrek nolabaiteko harrotasun punttua eragin du gugan. Sabin Etxeko moketatik behin eta berriz, autokonplazientziaz, errepikatzen digutenez, «desberdinak gara eta desberdin bozkatzen dugu».
Susmoa dut euskaldunon imajinario kolektiboan eskuin muturra dela fenomeno oso arrotza eta urrunekoa, Ebrotik beherakoa. Nola ahaztu, ordea, Marotok Gasteizko alkate zenean hasi zuen etorkinen aurkako inkisizioa botoetan saritua izan zela? Eta Sestaoko alkate hura, zeinak «kaka (hau da, errumaniarrak, magrebtarrak eta ijitoak) herritik ostiaka» botako zuela esan ondoren, botoen %51 eskuratu zuen hauteskundeetan? Eta nola ahantzi Ebrotik beheraz gain, Bidasotik Atturrirako Euskal Herrian ere aski errotuta dagoela eskuin muturra?
Onartuko genuke, agian baietz, halakorik badela gurean, baina politikaren lokatzetan bakarrik. Sinesten baitugu pertsona arruntok politikariak baino hobeak garela. Ez diogula inolako aurrejuzgurik egiten hizkuntzaz, azalaren koloreaz edo ohituraz desberdina den horri. Ez ditugula inoiz, baina sekula ere ez, norbanakoen erruak norbanako horien gisakoetara kolektibizatzen. Ez zaigula gizarte-laguntzen kudeaketaren inguruan inolako errezelorik pizten. Berdin-berdin alokatzen dugula etxea, izan maizterra etorkin ala bertako, ijito ala payo.
Normal-normal eskolatzen ditugula gure seme-alabak etorkinenekin eta ijitoenekin batera. Etxeko zaharrak zaintzeko lan baldintza esklabistak eskaintzen ditugula, baina horrek ez duela zerikusirik zaintzaile gehienak emakume latinoamerikarrak izatearekin. Ez diegula adarrik jotzen ordu txikitako parranda-giroan salmentan ibiltzen diren Saharaz azpikoei. Ez dugula meskitarik erasotzen Baionan. Ez dugula Etorkin gehiegi gure hizkuntzarentzat pintadarik egiten Bilboko kaleetan, ala antzeko zaborrik idazten Zarauzko eta Debako malekoietan, edota Irungo Lakaxitan eta Gaztelekuan.
Ziurrenik, egiaz, pertsona arruntok bagara politikariak baino zintzoagoak. Eta ni ere, noski, izugarri pozten naiz Voxek gurean duen itzal eskasaz. Baina zinez espero dut ez agertzea piperpotoaren ordez ikurrina astinduko duen indar politiko esplizituki arrazista eta xenofoborik. Badaezpada ere diot, desberdin bozkatu arren agian ez baikara besteekiko hain desberdinak.