Hondarribiko Udal korporazioa egoera benetan tristean sartuta dago. Bere prentsaurrekoan, alkate jaunak elkarrizketaz eta politika egiteaz dihardu, baina egunerokoan oso bestelakoa da bere jarrera, ez baitzaigu eskatutako informazioa eman izan, gure proposamenetariko batzuk ez dira eztabaidatuak izatera iristen…. Bestalde, zenbait udal arlo kolapsotik gertu daude pertsonal eta antolakuntza faltagatik (altxorrean gero eta diru gehiago izanda), eta horrek guztiak gure lanari eragiten dio.
Egoera desatsegin honen maila gorena azaroaren 30ko udalbatzan gertatu zen, bertan 2018. urteko aurrekontuak eztabaidatzen ari ginela. Alkateak azaldu zuen, udal gobernuak aldez aurretik, ezezko botoa emango ziela Abotsanitz eta PP alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiei, bi partidu horiek hiru fiskalei
Mariñel auzia iker zezan eskatu izanagatik.
Nolanahi ere, udal gobernu batek hartzen dituen erabakiak, herritar guztiongan eragina izango duten erabakiak, bi talde politikoen kontrako mendeku goseak eramanda hartzeak, agintekeria erakusten du. Alkate batek errespetua zor die herritar guztiei, baita bere alderdikoak ez direnei ere, eta ezin dio bizkar egin gizartearen zati esanguratsu bati, zenbait zinegotziri lezio bat ematearen aitzakiatan.
Nola justifikatuko du alkate jaunak, oposizioko alderdi hauek aurkeztutako aurrekontuei egindako zuzenketak atzera bota izana, zuzenketa hauek hondarribiarren premiei erantzuten dien kasuan?
Utzi arrabola pasatzeari, elkarrizketa eta zentzua dira bide bakarra.
Carlos Gebara, Hondarribiko EH Bilduren bozeramailea, Hondarribiako EH Bilduren Udalgintza Batzordearen izenean.