CAFea denontzat
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Hizkuntzaz, erlijioaz, bozkatzeko eskubideaz edo kalean poliziak atxikitzeko probabilitateaz harago, kafearena da Jerusalem bitan banatzen duen aferetan aferetakoena. Ekialdean kafe arabiar gisa saltzen dena Mendebaldean kafe turkiar izenez ematen da, funtsean gauza bera izan arren. Are gehiago, kafe turkiar-anbiguoari kafe beltz-neutral ala, zer demontre, kafe israeldar-nazional deitzeko kanpainak deitu dira kafearen izena ere estatu-afera bihur daitekeen herrialdean.
Harrabotsa piztu da gurean CAF enpresak Jerusalemgo tranbiaren hedatze lanetan parte hartuko duelako. Enpresako langile batzordea aurka duela eta Israelgo eraikuntza konpainia batekin elkarlanean, trenbideak eta bagoiak eraikiko ditu CAFek Jerusalem Ekialdean Israelek okupatuta dituen lurretan, 500 milioi euroko diru poltsa tarteko. Euskaldun Konprometituaren Manualari ezikusia eginez, ez naiz ni izango orain eta hemen enpresa beasaindarrari kontuak eskatuko dizkiona. Bada hori egin dezakeenik nireak baino zio zorrotzagoekin eta nirea baino pulpitu koherenteagotik. Izango da, bestalde, galdetzen duenik ea zergatik asaldatzen garen hainbeste CAFena bezalako kontuekin, dioenik halako xextrarik ez dela sortzen euskal enpresek kalitate demokratiko eskaseko beste herrialdetan lan egiten dutenean.
Nire xumean, baina, uste dut zilegi zaidala CAF enpresari egokitu zaion kafe huts, doble eta garratz hori harat-honat, dagokion eta merezi duen orori banatzea.
Izan ere, aspaldidanik baitabiltza Ekialdeko Jerusalemen eta Zisjordanian barrena autobus eusko labeldunak, Ormaiztegitik iritsitakoak. Eta aspaldidanik erortzen baitira Gazan eta Yemenen gerra-tramankulu andoaindarrek jaurtitako bonbak, Anoeta futbol-zelaiko palkotik bidalitakoak. Eta aspaldidanik joaten baitira gure agintariak atzerrira txangoan, enpresa horien interesen alde kontratuak ixteko espedizioetan. Eta aspaldidanik ez baitira kontu hauek hauteskunde kanpainetan aipatu ere egiten. Eta aspaldidanik bozkatzen baititugu guk geuk agintari horiek halakoetan askorik pentsatu gabe, gurpil zoro horretan parte hartu nahi izan ez zuen Bilboko portuko suhiltzaile hark kontzientzia pixka bat zikindu zigun arren.
Tranbiako bagoiak dira Hiri Santuko leku bakarretakoak non topo egiten duten judu ultraortodoxoek; palestinar kristau, musulman eta ateoek; nerabe-soldadu M16dunek; eta kolono direnik ere ez dakiten kolonoek. Elkarrenganako begirada susmagarrien artean, idatzi gabeko nor-norekin-non arau zorrotzaren arabera esertzen dira. Koloniaz kolonia, auzo palestinarrak saihesten dituen sigi-saga susmagarria marrazten du tranbia horrek hiriaren ekialdean. Hiri Zaharreko pasadan, baina, badu geltokia Damaskoko Atean, eta kafe arabiarrak bost shekel balio ditu bertan. Bost shekel israeldar, hain zuzen ere.