Bidean ikusia (2019-05-09)
DENA DEN
Aurreikusgarria da, pasa den hilean udal hauteskundeei buruz hitz egin baldin banuen, ekainean sartu garen honetan, nire ohiko oportunismoari helduta, alardeari buruzkoa izango dela honako hau. Hortxe abisua, zuzenean paso egin nahi baduzu ere.
Maiatzean Arantxa Urretabizkaia etorri zitzaigun Irunera, Bidean ikasia (1993-2016) saiakeraren gainean hitz egitera. Ez zinen enteratuko, irakurle, baina ez pentsa Irungo Udalaren estrategia makurra denik, irakurle-taldeko koordinatzaileak alarde parekidea defendatzen duen lan bat kolatu duelako PSEk —artean boterean dela— hartutako vendetta. Izan ere, berdin-berdin iragartzen du udalak goi-mailako (euskal) idazle bat gurera etortzea edo astero egiten den haurrentzako ingelesezko ipuin kontalaria. Esaterako, udalak ateratzen duen eta askorentzat aspalditik erreferente den kultur triptikoan ez zaio Urretabizkaiari aipamenik ere egiten. Eta adi: nor eta Arantxa Urretabizkaia, zer eta 2017ko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen liburua eskutan eta ahotan.
20 bat lagun elkartu ginen CBA liburutegian, eta hasieran liburuari buruzko galde-erantzun interesgarri batzuen lekuko izan ginen. Gustura sumatzen zen jendea. Baina pixkanaka beste eite bat hartu zuen, gero eta autokonplazienteagoa; zeren, ez didazue sinistuko, baina kasualitatez, gauzak zer diren, Irunen gutxiengo txiki ia marjinal garen alarde parekidearen aldekoak tokatu baikinen denok areto hartan. Bada, goxo sentitu ginen antza, gure ohiko konfort-gunean, eta gure ohiko nagusikeria moralarekin jardun genuen, alarde diskriminatzailearekiko mespretxuz, esan gabe doa, elkarri arrazoia emanez zerbait konpontzeko itxaropenez. Esan zuen Berri Txarrak taldeko lider Gorka Urbizuk duela aste batzuk: «Konbentzituak konbentzitzen masterra dugu». Eta doktore egingo gara, martxa honetan.
Total, halakoetan artista gonbidatuari erakusten zaion miresmen esajeratu eta melenga gailendu zen, eta eroso sentitu ohi da artista gonbidatua testuinguru horretan, nola ez, non edozein broma edo pasadizok eragingo baititu irriak eta harridurazko keinuak (amenazuzkoekin inola ere ez nahasteko modukoak), hurrenez hurren. Konturatzeko, Kabigorrin gure koadrilakoekin poteoan geundela zirudien —baina eskutan poterik gabe—, eta ez Arantxa Urretabizkaiaren neurriko idazle baten saiakera baten nondik norakoez gozatzen. Ez dugu erremediorik.