Bide heziketa
Esango nuke 1980eko hamarkadaren hondarrean jaiotako irundarrok bi hitz hauek haurtzaroarekin lotzen ditugula, eta leku zehatz batekin. Bai, horixe bera. Irungo Ibarla auzoko zirkuitu txiki hori, ikasturtean behin eskolarekin bisitatzen genuena errepideko arauak ikasteko.
Erritual berdintsua izaten genuen urteak joan eta urteak etorri. Zirkulazio arauen inguruko klase teorikoa Joseba udaltzain mitikoaren eskutik, eta bizikleta saio praktikoa zebrabidez, biribilgunez eta semaforoz jositako ginkana hartan. Egiari zor, ezin esan Josebak irakatsitakoak beti zehatz-mehatz betetzen genituenik. Abiadura mugarena, batez ere. Akaso ordubetez helduen munduan sartzearen euforiagatik, ala besterik gabe txirrinduaren gainean izerdi pixka bat botatzeagatik. Ez ziren falta, beraz, udaltzainaren ejuak, ezta ere irakaslearen errietak ikastetxerako bueltan. Baina, Josebaren alde, esan dezadan oroitzapen ona uzten zigula urteroko bisita hark, eta errepidean ibiltzearen inguruan ere zerbait ikasi genuela.
Hain zuzen ere, Joseba udaltzainarekin gogoratzen naiz Jerusalemgo errepideetan barrena. Hiri Santuko auto-gidarien estiloak zerikusia baitu gure Ibarlako txirrindualdi ero haiekin. Eta ez hainbeste arrazoizko abiaduran gidatzearekin, hurkoari lanak erraztearekin, ala, finean, bolantean pazientzia pixka bat agertzearekin. Bozina da, oroz gain, Jerusalemgo auto-gidarien fetitxea. Bozina jotzen zaio norberaren presak agintzen duena baino polikiago doanari, semaforo berdearen aurrean segundo erdiz despistatzen denari, edo are, zibilizazioaren porrot, zaborra biltzen duen kamioiari.
Bistan denez, bizikletaz mugitzen garenok bigarren mailako objektu gara errepide hauetan. Eta hori pandemiak nolabaiteko arnasa geurekoia eman digula txirrindularioi. Dela makalaldi orokorrak eragindako trafikoaren arintzeagatik, ala, garraio publikoko pilaketetatik ihesi, bi gurpilen aldeko apustua egin duen jende andanagatik.
Hauteskundeak gainean diren honetan, baina, txertatu gaituzte ia denok, itzuli gara nolabaiteko normaltasunera, eta baita errepideko lubakira ere. Bueltan dira ohiko auto-pilaketak eta malaletxea Jerusalemgo kaleetara, eta baita ere bozinaren tirania txirrindularion aurka. Horra abisua pandemia honetatik agian mundu justuago bat eraikiko genuela uste genuenontzat.
Baina bada nahikoa kontsolamendu Hiri Santuan Lehen Munduko kexationtzat. Profeten Kalea zeharkatzen duen zebrabidea, adibidez. Mendebaldeko eta Ekialdeko Jerusalem lotzen dituen pasabide nagusia oinezkoentzat. Ramallarako eta Betleemerako autobus geltokietatik gertu egonik, milaka lagunek gurutzatzen dute zebrabide hau egunero, Mendebalderako joan-etorria egiten duten langile palestinarrak gehienak. Eta azkar gurutzatzea komeni, oinezkoentzat bost segundo eskas izaten baita berde ditxosozko zebrabide horretako semaforoa.
Zebrabidea poliziak zaintzen du maiz, zorrotz zaindu ere. Goiz partean, palestinarrek Ekialdetik Mendebalderakoa egiten dutenean, sartaldeko espaloian jartzen dira. Ilunabarrean, langileak kontrako bidean datozelarik, ekialdekoan. Hala, egunero-egunero erortzen dira argi gorriaren tranpan zebrabidea ziztu bizian zeharkatzen duten horietako zenbait. Eta dagokien isuna jartzen diete, bide heziketaren izenean, kontrako espaloian zain dauden poliziek. Joseba udaltzainaren lezioen gainetik, Jerusalemen edozein txirrindulari baino are bigarren mailakoagoa delako beti oinezko palestinar bat.