Beti aurrera
ANTXETATIK
Aitak, Juan Mari, bere bihotzeko lagun mina deitu nahi du eta hala egin dugu. Begoña, haren bikote eta bide lagunak erantzun du. Berehala pasa dio, ordea, adiskidea.
«Baai?», «…Luis Mari… esto Juan Mari,… e… Xanti naiz, zer moduz?»;«Oondo, eta hi?»; «Ondo, bai, … ni ere bai ondo». Elkarrekin hitz egin nahi dute, baina ezin dute aurrera egin elkarrizketan. Haria ez da eten, ordea. Igartzen da pozik daudela. Telefonoaren beste aldean, txikitako laguna baitu bakoitzak. Biak daude eri. Diagnostiko ezberdina dute, baina biek dituzte mintzatzeko zailtasunak. Igarri dut biek sufritzen dutela bestearengatik. Pena hartzen dutela horrela, hitzik gabe, daudelako. Lagunaren kasuan ez dakit, baina nire aitarenak ez du atzera bueltarik. Eta ez da alzheimerra. Burmuina kaltetua du eta besteak beste, zer esan nahi duen oso argi badu ere, sarri ez du hitz egokia topatzen. Altzan irudikatu ditut biak, frontoian eserita, elkarri begira. Irri eginez.
Seguru nago, elkar entzun orduko haurtzarora joaten zaiela burua, eta beren sentimendu zein oroitzapenak hegan hasten direla. Aitaren begiradak salatu dit une batez aske sentitu dela, libre.
Hatsa hartzen ari dira biak. Edonorentzat deserosoa izango litzatekeen isilune luzea, elkarrekin egoteko modua bilakatu baita haientzat. Bai, isilik daude baina ez mutu. Arnasaren bidez bizi direla aldarrikatzen ari dira.
Bizitza erdigunean jarri behar dela esaten ari gara azken urteetan. Esatea ederra bezain erraza da. M8an, greba egin zuen gure amak. Goizeko manifestaldian ere parte hartu zuen. Etxera joan zen, ordea, bazkaltzera. Aitarengana. Arratsaldea ere harekin pasa zuen. Eta horrela dabil, azken bi urteetan bereziki.
Bizitza erdigunean jartzea erronka handi bat da berarentzako. Errudun sentitu gabe, bere buruaz kezkatzea, ongi pasatzea, irri egitea zaila egiten zaio. Nahikoa dela esan diogu, ordea. Eta kanpora joan da lagun batekin egun batzuetarako. Hala, lau egunetarako amaren bizitza erdigunean jarri dugu familian.
Maitasuna adierazten oso txarra izan da beti gure aita. Ez daki elkarrizketa nola eten Juan Mari bere lagunarekin. «Bueno… Juan Mari… esto musu bat, besarkada bat, bai… bai… berdin… Aio!».
«Zer aita?», galdetu diot.
«Ba hori, gaixoa. Ezin du hitz egin», erantzun dit. «Zuk bezala, aita», ihardetsi diot. «Bai, baina beti aurrera. Bazkalduko dugu?».