Bada ordua
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Eta iritsi da eguna. Bat-batean ilunabarra ordubete aurreratu zaigu, eta 25 ordu dituen urteko egun bakar horrek hain dirudi laburra! Bota ditugu, noski, urteroko kexa eta purrustadak; ordu aldaketak tristura eragiten duela, nekea, etxezulotik ez ateratzeko gogoa, energia aurreztearena ez dela benetan hala…
Gure gisan, mundu zabalean asko dira herrialdeak udaberriko eta udazkeneko ordu aldaketaren dantzan dabiltzanak. Itxuraz hain zuria eta igogailukoa dirudien gai hau, ordea, izan daiteke gatazka iturri. Esate baterako, batasun nazionalaren izenean Beijingo ordua inposatu zuen Txina maoistak bere menpeko lur guztietan. Baina, oraindik ere, hiriburutik milaka kilometrora bizi diren tibetarrek eta Xinjiango uigurrek, de facto, ordu ofizialarekiko bi oreneko atzerapena duen ordutegi alternatiboarekin funtzionatzen dute. Erresistentziak baditu milaka aurpegi.
Jerusalemen, ordu aldaketaren afera honekin ere harmonia ala buruko mina aukeratzerakoan, bigarrenaren aldeko hautua egiten da, espero daitekeenez. Izan ere, hiriko palestinarrek ordua ostiral gauez, asteburuaren erdian aldatzen duten arren, juduek larunbat gauez atzeratzen dute erlojua, ordulariak ere atsedena behar omen baitu Sabbatez. Desfase horrek eragiten du 24 orduz Hiri Santuak bi ordu desberdinen arabera funtzionatzea eta, ondorioz, hainbat egoera surrealista. Bostak izan daitezke kaleak garbitzen ari den palestinarraren erlojuan, seiak sinagogara bidean ondotik pasa zaion juduarenean. Edo ordubete berandu etortzen ahal zaizkio ikasle palestinarrak Hiri Zaharrean musika klaseak ematen dituen irakasle juduari. Ala zalaparta sor daiteke palestinarrak eta juduak elkarrekin mozkortzen diren taberna bakarrean, happy hour delakoa oraindik amaitu ez denez beste trago bat nahi duen bezero palestinarraren eta tabernari juduaren artean. Denak garaiz, denak berandu.
Bestalde, 44 urtez ordularia geldirik izan ondoren Francoren hondarrak loriaz lekualdatu berri dituen Espainiako Estatuak hasia omen du eztabaida; egungo ordutegi hitleriarrari eutsi ala bere kokapen geografikoari dagokion ordu eremu portugaldar-britainiarrera pasa? Berria egunkariak bere garaian abisatu zuen, larritasunez, bigarren aukera horrek Euskal Herria bi ordu eremutan zatituko zukeela. Bidasoaren hegoaldeko zenbait jatetxek, aldiz, pozik hartuko omen luke halako zismarik; otordu bakoitzerako bi txanda antolatzeko aukera, «bat frantsesentzat, bestea hemengoentzat». Batzuen drama nazionalaren eta besteen pagotxa gastronomikoaren artean lerratu ezinik, krisiak abagune direla dioen matraka neoliberalari helduko diot honako soluzio epel hau proposatzeko: ordulariak ere zatituko baldin badu gure herria, gutxienez, orokortu dadila Hegoaldeko irrati-telebistetako parteetan «ordubete gehiago Iparraldean”» leloa. Kanariarrei funtzionatu omen zien.